Xumetik

Zumetaren muralak hitza hartu zuen herri emanaldi ikusgarri eta hunkigarria bart

Noaua Aldizkaria 2023ko ira. 24a, 12:35

Xumetik, mimo ezin handiagoz sortutako herri ikuskizun borobila plazaratu du Usurbilgo Kulturguneak larunbat gau honetan Mikel Laboa plazan.

Herrira begira izan da azken mende erdi honetan. Denetarik ikusi eta entzun du, hainbat une gogoangarriren lekuko historikoa izan da, hamaika ekimen egin dira bere altzoan, egunerokoan bere ondotik igaro dira. Aldiz, gutxitan geratu gara berari begira bere parean. Herria koloreztatu eta herri honen nortasunaren ezaugarrietako bati ordea sendo asko eutsi dio hamarkada hauetan; sorkuntzaren herri izaerari.

Hori dena eta gehiago izan da Jose Luis Zumetaren frontoi atzeko murala, eta azkenean, 50 urte bete dituen honetan entzun ahal izan dugu estreinakoz. Lehenbizikoz, hitza hartu du larunbat gau honetan Usurbilgo Kulturguneak antolaturiko herri jaialdiaren baitan.

Hizketan aritu zitzaigun murala, musikak eta dantzak giroturiko ikuskizun ezin ederragoan. Usurbilgo sorkuntza zigilua zeraman emanaldi landu, eder bezain hunkigarriaz gozatzeko aukera izan zuten Mikel Laboa plaza bete zuten ikus-entzuleek. Hasieratik amaierara, bi arreta gune nagusi izan zituen emanaldiak; une oro arreta ezin piztuago mantendu zigutenak, oholtza batetik, eta omentzen ari ziren murala bera noski. Bien ala bien arteko lotura estua eta etenik gabekoa izan zen, hausturarik gabeko hartueman gozoan, aipatu moduan, elkarrizketa, musika eta dantza saio xume, hurbilekoen bidez. Txoria ere hegan etorri zen ikuskizun amaieran.

Xumetik, tokikotik sortua, emaitza itzela izan zen, herri ikuskizun erraldoia. Parte hartu nahiz lekuko izan zirenentzat, ziur gogoangarria izango dena.

Parte hartzaileak
Auzolan eta lankidetza handiak bideratu du bart gaueko ikuskizuna plazaratzea.

Musika zuzendaria: Antton Aranburu.
Gitarra: Natali Izagirre eta Haritz Harreguy.
Baxua, sintetizadorea: Beñat Urteaga.
Saxofoia: Alazne Begiristain.
Bateria, pad-ak: Enara Eizagirre.
Pianoa: Ixak Arruti.
Biola: Maialen Azkue.
Biolina: Itxaso Sanchez.
Aztarrikant: Mattin Iribar, Imanol Furundarena, Maddi Egizabal, Aitor Zabaleta, Itxaso Sanchez, Unai Azpiroz eta Mattin Aierbe.
Ahotsa: Peru Galbete, Malen Azpiazu, Jon Imanol Etxabe, Maddi Zuloaga, Luken Arkarazo eta Anuk Harreguy.
Txalaparta: Kimu taldea.
Dantza: Orbeldi Dantza Taldea.
Dantza bertikala: LaGlo Zirko.
Dantza garaikidea: DAB konpainia.
Txoriaren diseinua: Jokin Eizagirre.
Gidoia: Ugaitz Agirre.
Muralaren ahotsak: Jontxu Martinez eta Ainara Ullate.
Teknikariak: Soinua Gara.
Argazkilaria: Ibai Arrieta.
Kameralariak: Haritz Arrizabalaga eta Mikel Oiarbide.
Jaialdiko kartelaren eta eskuorriaren diseinua: Malen Aierbe Zubeldia.
Antolatzailea: Usurbilgo Kulturgunea.
Laguntzaileak: 650 Usurbil Bizi egitasmoa eta Usurbilgo Udalak.
Koordinazio-lantaldean: Agurne, Aitor, Antton, Booktegi K.E., Jon Mikel, Jontxu, Luken, Maialen, NOAUA! K.E. eta Ugaitz.