Gogoeta-fasean murgiltzera doa Udalbiltza datozen hilabeteotan. Hala jakinarazi zuen euskal erakunde nazional honek, iragan ostiralean Usurbilen eginiko ezohiko Kontseilu Nagusian. Orain arte eginiko ibilbidea berrikusteaz gain, aurrera begira gogoeta-fasean murgiltzera doazela berri eman zuten Partzuergoko kideak bildu zituen hitzorduan.
"Partzuergokideekin batera zehaztuko dituzte Udalbiltzaren funtzioak, gaur egungo beharrei egokitzeko asmoz. Heldu den urtearen hasieran izango dira ikusgai eztabaida horren fruituak", iragarri dute Udalbiltzatik.
Ezohiko Kontseilu Nagusi horretan, gainera, erakundeko arduradun talde berria izendatu zuten. Udalbiltzako lehendakari berria Haritz Alberdi Arrillaga Getariako alkatea izango da. Jabi Asurmendi Sainz Arakaldako alkatearen lekukoa hartuko du. Ilusioz eta "datorrenari eusteko gogoz" dela adierazi zuen, Udalbiltzatik berri eman dutenez. Batzorde eragile berria, zazpi kideek osatuko dute. Haietako bat, hain zuzen, Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta Mesa izango da. Talde kide izango ditu Begoña Enbeita Maguregi (Muxikako alkatea, eta Udalbiltzako lehendakariorde berria), Ioritz Berra Juaristi (Zaldibiako alkatea), Andoni Lariz Bustindui (Ziortza Bolibarko alkatea), Garazi Urdampilleta Astibia (Oiartzungo zinegotzia), Karlos Renedo Lara (Bilboko zinegotzia) eta Iban Verdugo Markotegi (Etxarri Aranatzeko zinegotzia).
Udalbiltza
Izaera juridiko publikoa duen euskal erakunde nazionala da Udalbiltza. Udalek eta irabazi asmorik gabeko elkarte pribatuek osa dezaketen partzuergoa da. "Bi estatuek ezarritako muga gainditzeko borondatea du, nazioarteko itun eta Europar legedian oinarrituta; bereziki 1995eko martxoaren 10eko Baionako itunean, zeinaren arabera Frantziar Errepublikako udalek bat egin dezaketen Partzuergo honekin".
Udalbiltzak "Euskal Herria burujabe bat eraikitzeko bidean, Euskal Herriko garapen eta barne kohesioa sustatzea" du helburu nagusi. "Horretarako, euskal lurraldea zatitzen duten hiru eremu administratiboetako udalen arteko elkar ezagutza eta lankidetza instituzionala bultzatzen ditu, Euskal Herriko jendartearen dinamismo handiko espresioak diren eragileak ere bidelagun izanik". Informazio gehiago, udalbiltza.eus atarian.