Zenbait deialdi Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendutik

Noaua Aldizkaria 2023ko ira. 25a, 09:04

Eusko Legebiltzarrean agerraldia eta Adinekoen Nazioarteko Eguna, hortxe Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendutik egunotarako iragarri dituzten hurrengo deialdiak.

Udako etenaldiaren ostean lanean da berriz Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua, pentsio eta bizi duinen aldeko borrokan. Datozen egunotarako bi hitzordu iragarri dituzte. Hasteko, asteazkenean, irailaren 27an, duela hilabete batzuk eskatu moduan aipatu herri mugimenduko ordezkaritza bat Eusko Legebiltzarrera joango da. Hango Gizarte eta Gazteria Batzordearekin bilduko dira. "Bilera horren helburua da Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak egindako txosten zabala azaltzea Batzordeari. Txosten hori dagoeneko eman zaie Legebiltzarreko talde politiko guztiei, eta bertan nabarmentzen da EAEn 170.000 pentsiodun inguru daudela, gehienak emakumeak, 1.080 eurotik beherako edo askoz gutxiagoko pentsioa dutenak, eta gutxieneko pentsioen osagarriaren kostua Gasteizko Gobernuaren aurrekontuaren %2 inguru dela, hau da, aurrekontuan sartutako ehun eurotik bi euro". 

Testuingurua horixe izanik, "EHPMren proposamena eskari hori berehala Eusko Legebiltzarrera eramatea da eta 2024ko EAEko aurrekontu orokorretan onartu eta aplikatu ahal izatea. Gobernua osatzen duten alderdiei dagokie hura onartzeko eta aplikatzeko erantzukizun nagusia. Baina alderdi guztiei gonbita egiten diegu Eusko Legebiltzarrean eskaera hori erantzukizunez hartu eta defendatzeko".

Adinekoen Nazioarteko Eguna
Bigarren hitzordua, gaur zortzi. Bezperan, igandean, urriaren lehenean Adinekoen Nazioarteko Eguna izango da. Horregatik, biharamunerako mobilizazio eguna deitu du pentsiodunen mugimenduak. Hego Euskal Herriko hiriburuetan manifestazio bana deitu du hilaren 2rako 12:00etan. "Mobilizazio horietan, egoitzetako senideekin batera Hego Euskal Herriko administrazioei eskatuko diegu zainketa publikoen eredu hurbila, duina eta kalitatezkoa birpentsatzeko eta laguntza soziosanitarioa jasotzeko eskubide unibertsala eta subjektiboa betearazteko baliabide material, ekonomiko eta giza baliabide nahiko emateko".

Azaroaren 11rako ere mobilizazioa deitu dute Iruñean, 17:30etan Baluartetik hasita. Egunotan iragarri dute manifestazioa hain zuzen; Nafarroako Gobernuaren 2024ko aurrekontuetan pentsioak 14 ordainsaritan 1.080 euroraino osatzea galdegingo dute.