Bi gazte arabarrok aske uztea eskatu eta bizi duten egoera bidegabea salatzeko protesta ekintzak egiten ari dira egunotan Euskal Herri eta eskualdeetan. Mobilizazio nagusia, ordea, larunbat honetarako, irailaren 30erako deitu du Ankerkeriari Stop! plataformak hainbat eragilerekin babesarekin Gasteizen. Arratsaldeko 18:30etan abiatuko da Artiumetik "Euskal Herria aurrera!" aldarripean. Hara joateko autobus zerbitzua antolatu du Usurbilgo Ernaik. Arratsaldeko 16:00etan abiatuko da Oiardo kiroldegi paretik. Izena aurrez eman ahalko da Aitzagan eta Txiribogan jarri dituzten zerrendetan.
2019ko otsailean atxilotu zituen Ertzaintzak bi gazte arabarrok Auzitegi Nazionalaren aginduz, hilabete batzuk lehenago Arabako Duran aurkitutako lehergaien arduradun zirelakoan. Ia urte erdi egin zuten behin-behineko espetxealdian. 2021. urte hasieran epaitu zituzten. Launa urteko espetxe zigorra, urtebeteko zaintzapeko askatasuna eta hamar urteko inhabilitazioa ezarri zieten Zelaiari eta Barbadori. Iragan maiatzean Espainiako Auzitegi Gorenak Auzitegi Nazionalaren epaia berretsi zuen.
Urteotan guztiotan hainbat mobilizazio egin dira Euskal Herrian, haietako zenbait baita Usurbilen ere. Egoera honen aurrean azken urteotan Ernaik salatu duenez, "argi daukagu ez dela soilik bi euskal gazte militante konprometituren kontrako erasoa, baizik eta bakea eta askatasunaren bidea egunez eguneko lanarekin eraikitzen ari den Herri baten kontrakoa. Errezeta zaharren bidez, gaurko Euskal Herria eraikitzen ari garenon kontrako eraso moduan ulertu behar dugu".