Udako etenaldiaren ostean, Sareren mobilizazioak bueltan

Noaua Aldizkaria 2023ko irailaren 25a

Iraileko azken ostiralarekin bat, Sarek deitutako elkarretaratzea izango da Mikel Laboa plazan.

Jaiak eta uda garaia tarteko urteroko etenaldia izan da azken hilabeteotan Sarek deitutako mobilizazioei dagokienean. Irailarekin batera, ordea, hileroko azken ostiraletako elkarretaratzeak bueltan datoz Usurbila. Ostiral honetan, irailaren 29an, arratsaldeko 20:00etan hasita mobilizazioa Mikel Laboa plazan.

"Oraindik ere" 
Halaxe bai, "oraindik ere" nabarmendu dutenez, "estatuek aplikatzen duten espetxe politikak euskal presoen eskubideak urratzen dituela" salatu zuen Sarek azkenekoz Mikel Laboa plazan eginiko elkarretaratzean. "Etxera bidea gara" aldarriaren bueltan bildutako mobilizazioaren bidez, horixe zen hain zuzen ahalbidetu nahi dutena, salbuespenezko espetxe politika etetea galdegin eta indarrean den araudia baliatuta, eskubide urraketekin amaitzea.

"Salbuespenezko auzitegia den Auzitegi Nazionalak Euskal Herriko elkarbizitzaren eraikuntza geldiarazten duen lobby-ari kasu egiten jarraitzen duelako, euskal gizartearen gehiengo zabalaren borondateari bizkarra emanez, eta presoak, errefuxiatuak eta deportatuak etxeratzea ahalbidetu beharrean. Ezin dugu onartu egoera hori xantaia gisa erabiltzea", salatu zuen Sarek.

Oinarrizko eskubideez ari direla nabarmendu zuten. "Baldintzapeko askatasunerako edo erdi-askatasunerako eskubideaz ari gara, tokatzen delako. Espetxe-legeriak ez du inola ere ezartzen kondenak azken segundora arte bete behar dituztenik espetxeko harresien barruan". Are gehiago, "araubide irekian sartzeko eskubidea dute, gizartera itzultzeko eskubidea, beren bizitzak berregiten hasteko eskubidea dute".

Testuinguru honetan, mobilizatzen segi eta deituko diren ekimenetan parte hartzen jarraitzeko eskaera egin zuten Mikel Laboa plazako elkarretaratzean, "etxera itzultzeko prozesua legez ezarritakoaren arabera gauza dadin".