Badatoz azken festak, Aginaga astebeteko parranda zurrunbiloan murgiltzera doa. Ostiral honetan bertan, irailaren 29an jaurtiko duten txupinazoarekin emango diete hasiera San Praixkuei. Jai Batzordeak jakinarazi du dagoeneko, nork izango duen aurtengoan Aginagako Aste Nagusiari ekiteko ohorea; aurkezpen gutxi behar duen Iñaki Errasti Ubera aginagarra izango da. Egun, Ondarroan arraunean dabilen herrikideak izango du lehenengo suziria pizteko aukera.
Aste honetako NOAUA!ri eskaini dion elkarrizketan adierazi duenez, "sorpresaz eta poz handiz" jaso du Jai Batzordeak egindako gonbita. "San Praixkuetarako nirekin akordatzeak asko poztu nau. Ohore handia da niretzat jaien hasierako txupinazoa botatzea, eta gehienbat hori, nirekin gogoratzea. Hortxe egongo gara gustura", iragarri du aginagarrak.
Festen hasierako suziria pizteko ekitaldian hitza hartzeko aukera izango du arraunlariak. Zer adierazi nahiko luekeen galdetuta esan digunez, "errespetuz, ondo pasatzeko, ez daudenekin gogoratu eta festez gozatzeko. Azkenean, bizitza bakarra izan eta gozatu beharra dagoela".
Iñaki eta bere seme Enaitz elkarrizketatu ditugu aste honetako aldizkarirako. Albiste honi atxikitako argazkian dituzue biak ala biak. Txupinazoa jaurti eta ordu gutxira, hain zuzen, Enaitz izango da San Praixkuetako beste protagonistetako bat. Ostiral gauerako pilota jaialdia iragarri dute Ariztitxo pilotalekuan. Hiru partida jokatuko dituzte; gazteenean lehiatuko da Enaitz. Helduenean, jada ibilbide oparo askoa jorratzen ari diren beste bi herrikideak; Miriam Arrillaga eta Aitor Aranguren. Txartelak eskuragarri dituzue dagoeneko.
Aginagako jaiak
Irailak 29, ostirala
18:30 Txupinazoa Eliza Zaharreko balkoian pregoi eta brindisarekin; txanpaina gure kontu!
19:00 Txosna irekiera eta buruhandi bixkor-bixkorrak!
19:00 Buruhandiak.
19:00 "Son de hoy" musika talde kubatarraren emanaldia Eskola Txikiaren aurrean.
21:00 Pilota jaialdia Ariztitxo pilotalekuan. Sarrera: 15 euro (Arraten, egunean lehiatilan edo entradasfronton.com atarian eskuragarri. Herri afariko sarrerarekin batera erosiz gero 40 eurotan).
1. partida: gaztetxoak.
Aiert Aburuza-Ander Pagola
Aimar Alejo-Enaitz Errasti.
2. partida: Goiuri Zabaleta-Itxaso Erasun - Miriam Arrillaga-Nora Mendizabal
3. partida: Alberdi II-Aitor Aranguren - Artola-Iztueta
Irailak 30, larunbata: Oilasko Biltzaileen Eguna
05:30 Oilasko biltzaileen gosaria.
06:00 Oilasko biltzaileen irteera Atarialde elkartetik.
11:30 Oilasko biltzaile txikien irteera Mapildik.
18:00 Txosna irekiera.
18:30 Jon Ostolaza eta Rakel Pujana trikitilariekin saioa Eskola Txikiaren aurrean.
Ondoren, herri poteoa.
21:00 Herri afari bikaina. Sarrerak Arraten: 30 euro helduak eta 15 euro haurrak.
23:00 Txosna irekiera.
23:30 Erromeria frontoian: Laiotz taldea.
03:00 Dj Jotatxo Eliza Zaharrean.
Urriak 1, igandea
16:00 XL. Mus Txapelketa Irekia Eliza Zaharrean. Izen-ematea 15:30-16:00 artean.
17:00 “Pirata Garrapataren abenturak” antzerkia, txontxongiloak, malabareak eta magia ikuskizuna Patata Tropikala konpainiaren eskutik. Eskola Txikiaren aurrean.
19:00 Haragi egosi, txorizo eta sagardo banaketa trikitixaz lagunduta.
Urriak 4, asteazkena: San Praixku Eguna
11:00 Meza Nagusia.
12:00 Jubilatuen hamaiketakoa Aginaga Sagardotegian, Beñat Gaztelumendi eta Agin Laburu bertsolariekin lagunduta.
18:00 Herri kirolak frontoian, herritarren arteko erronka!
19:30 Sardina eta sagardo banaketa.
Bitartean, XXXIX. Toka txapelketa herrikoia eta buruhandi bizkor-bizkorrak.
Urriak 6, ostirala: Umeen Eguna
10:00 Umeen jolasen hasiera.
13:00 Umeen bazkari goxo-goxoa.
16:00 Puzgarriak frontoian.
17:30 Txokolate goxo-goxoa.
18:30 Ur zezenaren entzierroa Aginaga Sagardotegitik plazara eta buruhandi gaizto-gaiztoak. Bustita eta bero-bero haurrak etxera bidaltzeko. Argi ibili!
19:00 Musikaz girotutako poteoa.
21:00 Gazte afaria Aginaga Sagardotegian. Prezioa: 30€. Izena emateko idatzi irailaren 29aren aurretik: 616 93 35 56.
23:00 Txosna irikiera.
23:30 Kontzertuak Eliza Zaharrean: Viafara eta Ameba.
Ondoren, Dj Urdaira.
Egunak argitzean, etxera.
Urriak 7, larunbata: Errioaren eta Kintoen Eguna
11:00 “GOZATU ERRIOAZ”: piraguak, alan paseoak eta traineruan arraunean ibiltzeko aukera eta hamaiketakoa!
18:00 Txosna irekiera.
19:30 Distopia Elektrotxaranga!
00:00 Kontzertua eta erromeria frontoian: Herenegun eta Bidebatez.
03:30 DJ ZKN Brothers Eliza Zaharrean.
08:00 Errefus bilketa.
Antolatzaileak: Jai Batzordea.