Mobilizazioen udazkena

Greba egun bana zaintzan eta hezkuntza publikoan, beste bi sektore publiko osoan

Noaua Aldizkaria 2023ko ira. 26a, 11:13

Mobilizazioez betetako udazkena datorkigu: bi greba egun deitu dituzte sektore publiko osoan, beste bat zaintzan, eta gaur bertan, azkena, hezkuntza publikoan.

Greba hezkuntza publikoan
ELA, Steilas eta CCOO sindikatuek greba eguna deitu dute urriaren 24rako unibertsitatez kanpoko hezkuntzan, hezkuntza berezian, sukaldaritzan eta garbiketan. Deitzaileen esanetan, greba egun honek biharamunean, hilaren 25ean eta abenduaren 19an sektore publiko osoan antolatu diren greba egunekin bat egingo du. "Aldarrikapen nagusien artean daude lan karga arintzea,-ordutegietan kudeaketa orduak handituz, burokrazia lanak ugaritzen ari direlako- eta egungo ikasleen errealitateari erantzuteko baliabide gehigarriak eskaintzea".

Horrekin batera, sindikatuek ezinbestekotzat jotzen dute galdutako erosahalmena berreskuratzea, "plantillak gaztetzea, bai erretiroa aurreratuz, bai adinaren araberako lanaldi murrizketak aplikatuz langile guztiei, baita ordezkoei ere. Halaber, lanpostuak egonkortzearen eta plantillak egituratzearen alde agertu dira, lanpostuak ez suntsitzeko". Horrez gain, "benetako behin-behinekotasuna %8ra murrizteko eskatu dute", baita hezkuntzako langile guztiak euskalduntzeko plangintza adostua, "bizikidetzan eta berdintasunean eragiteko" benetako hezkidetza proiektuak. Hobekuntza hauek guztiak sektoreko hitzarmen berrietan jasotzea da sindikatuen helburua, "benetako negoziazio baten ildotik". Halakorik ez bada, mobilizazio berriak iragarri asmo dituzte.

Greba sektore publikoan
Gehiengo sindikalak bi greba egun deitu ditu gaur Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zerbitzu publikoetan, urriaren 25ean eta abenduaren 19an. "Eusko Jaurlaritzari, aldundiei eta udalei, erosahalmena bermatzea eta behin behinekotasuna %8ra murriztu arte enplegua kontsolidatzea" eskatzen dute LAB, ELA, CCOO, SATSE, STEILAS eta ESK sindikatuek. "Azken urteotan zerbitzu publikoen kalitateak okerrera egin du nabarmen, eta lan-baldintzak okertu egin dira. Horrek zuzenean eragiten du herritarrei eskaintzen zaien zerbitzuaren kalitatean, aurrekontu-esleipenarekin eta inbertsio politikekin zuzenean lotuta daudenak", ohartarazi zuten irailaren 15ean egindako agerraldian. Hemen duzue greba hauei lotutako adierazpena: bi greba egun, sektore publikoan.

Zaintza greba
Azaroaren 30ean zaintza eskubide kolektiboaren aldeko greba deitua du Euskal Herriko mugimendu feministak "pertsona guztiok bizi osoan zehar, askatasunez eta konpromisoz zaintzeko eta zainduak izateko eskubidea aldarrikatzeko". Gogoan izan, iragan martxoaren 8an plazaratu zuen deialdi hau, "egungo zaintza sistema iraultzeko urgentzia mahai gainean jarriz, lanean aritu gara auzo eta herrietako asanbladetan".

Hiriburuetako mobilizazioen ondotik, "herrietako greba komiteetara batzeko deia luzatzen diegu euskal herritarrei. Batu asanbladetara eta mobilizatu! Azaroaren 30ean zaintza eskubide kolektiboaren alde, denok Greba Feminista Orokorra!", egin du gonbita Euskal Herriko Mugimendu Feministak. Gogoan izan, Usurbilen maiatzean hasi zen biltzen herrikide talde bat Potxoenean, Kafe Tertuliak deituta. 

Datozen asteei begira, azaroaren 30eko greba feminista orokorraren aurretik, zenbait deialdi iragarri dira. Batetik, Euskal Herriko Mugimendu Feministak eginikoa. "Urriaren 7an aurkeztuko dugun Herri Akordioa izango dugu oinarri: sistema kapitalista, arrazista eta heteropatriarkala gainditu eta guztion bizitzak erdigunean jarriko duen euskal zaintza sistema publiko eta komunitarioa definitzera goaz", aurreratu dute. 

Bestetik, gogoan izan, Euskal Herriko Neska* Gazteek Baterajotzea antolatu dute Usurbilen urriaren 13tik 15era, "Utopiak lehertzera goaz!" aldarripean. "Sistema kapitalista zisheteropatriarkala iraultzeko proposamenak irudikatu eta artikulatzera, hausturak kolektiboki antolatzera eta utopiak lehertzera gatoz", iragarri zuten antolatzaileek apirilean egin zuten ekimen honen aurkezpenean. 


Greben egutegia
Urriak 24: greba hezkuntza publikoan.
Urriak 25 eta abenduak 19: greba sektore publiko osoan.
Azaroak 30: zaintza eskubide kolektiboaren aldeko greba feminista.