"Oldarraldiaren aurrean" euskararekin bat egiteko deia azaroaren 4an Bilbon

Noaua Aldizkaria 2023ko ira. 26a, 10:54

Argazkia: Kontseilua.

"Oldarraldiaren aurrean: euskararekin bat, euskaraz bat" aldarripean manifestazioa deitu dute euskalgintzako erakunde nagusiek azaroaren 4an Bilbon.

Oldarraldiaren aurrean erantzun bateratua emateko deia egin dute gaur euskalgintzako erakunde nagusietako ordezkariek egun eta toki ezin egokiagoan; izan ere, Hizkuntzen Europako eguna baita. Agerraldia, Bilboko Euskalduna jauregiaren atarian egin dute. Handik abiatuko da hain zuzen, azaroaren 4an 17:00etan, "Oldarraldiaren aurrean: euskararekin bat, euskaraz bat" aldarripean egingo den manifestazioa. Bizkaiko hiriburuko udaletxean ekitaldi baten bueltan amaituko den mobilizazio honi buruzko xehetasunak eskaini nahi izan dituzte gaurko agerraldian. 

Euskararen normalizazioaren aurkako epai sorta salatuko da mobilizazio horretan, hitz gutxitan, euskararen aurkako oldarraldia; "Erandioko Udalekoa, Uliazpi Fundazioari buruzkoa, Barakaldokoa, Irungo udaltzainena edo euskara hizkuntza “zailegia” dela argudiatu zuen Laudioko sententzia", besteak beste,  baita noski, Espainiako Konstituzio Auzitegiak udalerri euskaldunei euskara hutsez funtzionatzea eragozten dien EAEko Udal Legeko 6.2. artikuluaren baliogabetze partziala, uztailean Usurbilen UEMAko alkate eta hautetsien agerraldi jendetsu bidez salatu zena.

Euskararen alde azken urteotan egindako manifestazio jendetsuena izango dela aurreikusi dute antolatzaileek. Horregatik, egun horretan, Bilboko kaleak bete, eta aldez aurretik, tokian toki mobilizatzera deitu dute. Hautatu duten aldarriari lotuta, "oldarraldi eta olatu erreakzionarioen gainetik euskararen normalizazioan eta biziberritzean eragiteko eta sakontzeko unea dela" adierazi nahi dute, "euskara gizarte kohesiorako, berdintasunerako eta justizia sozialerako ezinbesteko osagaia dela", gogoraraztearekin batera.

Euskalgintzako erakunde nagusiak ordezkatu dituzte hainbat norbanakoek gaurko agerraldian; tartean zen, herrikide bat baita, Hik Hasi egitasmoko langile Ainhoa Azpirotz. Manifestazio honen aldeko atxikimendua eman, manifestua irakurri nahiz hitzordu honi begirako baliabideak eskura daitezke kontseilua.eus atarian. "Euskalgintzak dei zabala egin die euskararen alde dauden Euskal Herri osoko gizarte eragile, mugimendu eta norbanako guztiei azaroaren 4ko manifestaziora deitzeko tokian toki mobilizatu daitezen, herri eta auzoetan ekimenak antolatuz, informazioa banatuz, edota hurbileko zein ez hain hurbileko jendeari manifestazioaren berri emanez".



Oldarraldiaren aurrean. Euskararekin bat. Euskaraz bat.
Euskalgintzaren Kontseilua osatzen dugun erakundeok kezkaz bizi dugu azkenaldian euskararen biziberritzea helburu duten neurrien kontra auzitegietatik jasotako sententzia sorta. Epaitik epaira kezka hori larritzen ari zaigu, gainera, gero eta argiago geratzen ari baita kasuan kasuko ebazpenetik haragoko joera bat dela, oldarraldi judizial bat, funtsean.

2023ko martxoaren 24an Kontseiluak bere urteko Batzar Orokorrean adierazpen publikoa onartu genuen, euskararen biziberritzearen aurkako olatu erreakzionarioari aurre egiteko itun politiko eta sozial sendo baten aldeko deia egin genuen. Izan ere, euskararen biziberritze prozesuaz harago milaka herritarren bizitzen bizigarritasuna baitago auzitan, eta harekin batera berdintasuna, justizia eta kohesio soziala. Funtsean, bizikidetza.

Horrela, maiatzaren 10ean Bilbon, EAEko Auzitegi Nagusiaren aurrean, agerraldi jendetsua egin genuen euskal gizarteko askotariko norbanako ezagunek eta gizarte eragileetako ordezkariek. Bertan, azaroaren 4an Bilbon euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldia salatzeko manifestaziorako deia egin genuen.

Uztailaren 13an, aldiz, Espainiako Konstituzio Auzitegiak EAEko Udal Legearen aurka emandako sententzia salatzeko, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 80 alkate eta ehundik gora udal ordezkari elkartu genituen Bilbon, euskalgintzak deitutako agerraldian.

Irailaren 26an aurkeztu ziren azaroaren 4ko manifestazioaren xehetasunak: 17:00etan Euskaldunatik abiatuko da, Bilboko udaletxeraino, «Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat» lelopean.

Informazio gehiago, kontseilua.eus atarian.