650 Usurbil Bizi

"Usurbil Museo Irekia" bisita gidatuak ohiko moduan, datorren asteburuan

Noaua Aldizkaria 2023ko ira. 27a, 08:53

Aurreko asteburuetako hitzordu berezien ondotik, ohiko bisita gidatuak izango dira datozen asteburuetan.

Ezohiko asteburuak izan ditu "Usurbil Museo Irekia" bisita gidatuen ekimenak. 650 Usurbil Bizi egitasmoak sustaturiko hitzorduetan aldaketarik izan da, asteotan. Irailaren 16ko asteburuan, bisita gidatu bakarra antolatu zen, biharamunean ospatu zen 14. Baxurde Krosa tarteko. Iragan asteburuan, bestalde, Xumetik herri jaialdiaren baitan txertatu zuten ibilaldiotako bat. Ezohikoa eta girotua izan zen.

Nola ez, abiapuntua omendua izan den mende erdiko Jose Luis Zumetaren frontoi atzeko horma-irudia izan zen; Udarregiren omeneko bertsolaria, Zendoian dagoen Usurbilgo artistaren beste sortze lan bat, Kale Nagusiko bere txoriak, Axpiren murala edota Askatasuna plazako Karlos Zabalaren sortze lanak bisitatzeko aukera izan zen.

Izan zuen, ordea, ekimen honek bestelako berezitasunik; geltokiok, baita ibilbidea ere, ezohikoa eta girotua izan baitzen. Irune Etxabe trikitilariak eta Maddi Aburruza panderojoleak izan zituzten bidelagun bisitariek eta sortzaileak geltokietan. Izan ere, esaterako, Aranerrekan eginiko parkean Kimu taldearen txalaparta saio ederraz gozatu ahal izan zen. Amaitu, aldiz, Askatasuna plazan bukatu zuten ibilaldia Ximona ta Dolox taldearen erromeria biziarekin. Une hunkigarria, Kale Nagusiko eraikinik handienaren barruan Zumetak sortu eta bertan zintzilik dauden txorien bueltan bizi izan zen. Zumarte Abesbatzak bertako balkoietatik eskainitako kantu saiora batu ziren bisitariak ere. Une zirraragarriena, "Txoriak txori" abestu zutenean heldu zen hain zuzen. Ezohikoa baita hitzorduak erakarri zuen jendetza.

Izen-ematea aldez aurretik
Asteburu honetan, ohiko ordutegi eta formatura itzuliko da "Usurbil Museo Irekia" ekimena. 50 urte bete dituen Jose Luis Zumetaren murala, Udarregi bertsolariaren omeneko eskultura, Dema plaza, Askatasuna plazako Karlos Zabalaren sortze lanak... Eta altxor gehiago dituzte Usurbilgo kaleek. Egunerokoan begibistan ditugun sortze lanok sakonago ezagutzeko aukera eskaintzen digu "Usurbil Museo Irekia" asteburuetako bisita gidatuen ekimenak.

Hitzorduotan izena aurrez eman beharko da 650usurbilbizi.eus atarian. Gehienez, hamalau bisitariko taldeak osatuko dira. 

"Usurbil beti izan da Euskal Herriko kultur-gune erreferentzialetako bat eta bere lekua irabazi du Euskal Herriko kulturaren mapan. Usurbilera baldin bazatoz bere kaleetan murgiltzea eta paseatzea nahikoa izango duzu edonora eta begiratu eta artelan bat aurkitzeko. Kalean, plazetan, hormetan… Lehengo zein oraingo izen handiko sortzaileen lanak eta ondare aztarnak non nahi izango dituzu zure begiradaren zain.  Gida baten laguntzaz ezagutu ahalko dituzu artelan hauek guztiak ordubeteko bisita gidatuan".