Poema kate ederra osatu zuten iragan urteko Booktegiren aldeko jaialdiaren baitan herrikideek. Dinamika erraza zen; hitzorduan parte hartu nahi zutenek euskarazko poema bat hautatu behar zuten eta emanaldi egunean, beste batek hautatutakoa irakurri. Eta modu horretan, euskal poesia bilduma edo kate polit askoa osatu zuten.
Euskarazko literatura guztion esku sarean jartzen diharduen Booktegiren aldeko bosgarren urtemuga jaialdian izan zen iaz. 2022ko urriaren 22an Sutegin ospaturiko zikloari hasiera eman zion "poesia-itzulera" izeneko ekimen berezi honen baitan hainbat usurbildar eta bisitari igo ziren kultur-etxeko auditorioko oholtza gainera. Errezitaldi bikaina eskaini zuten guztiek, albiste honi atxikitako bideoan ikus eta entzun dezakezuen moduan. Denek nahi zuten poema bat hautatu zuten, baina beste batek irakurtzeko, eta hala poema kate ederra osatu zuten aipatu moduan.
Izen-ematea zabalik
Aurtengoan esperientzia hura errepikatu nahi dute. Euskarazko literatura guztion esku online jartzen segitzen duen Booktegi egitasmoaren jaialdia berriz Usurbilen ospatuko da iaz bezala, oraingoan urriaren 28an. Goizeko ekitaldietako bat hain zuzen, hauxe, "poesia-itzulera" izeneko ekimena izango da, estreinako edizioan bezala, oraingo hau ere NOAUA! Kultur Elkarteak eta Sutegi udal liburutegiak sustatua.
Ekimena prestatzen hasteko gonbita egin dute dagoeneko. "Euskarazko literatura sustatzeko jaialdi honetan, euskal poema bat aukeratu eta beste batek aukeratutakoa irakurriaz osatuko dugun katean parte hartzeko gonbidapena da honakoa", antolatzaileen esanetan.
Parte hartu nahi dutenek izena eman dezakete jada Sutegi udal liburutegian. Hautatutako poema helbide honetara bidali behar da urriaren 19a baino lehen: biblioteka@usurbil.eus
Aurtengo Booktegi jaialdiaren baitako "poesia-itzulera" urriaren 28an ospatuko da, goizeko 11:00etan, baina adi; Sutegin ez, oraingo hau Zumarte musika eskolako ganbaran.
Irakurketa saioak, solasaldiak...
Orain arteko urtemuga borobilena, bosgarrena, sortu zuten lekuan bertan, Usurbilen ospatzea erabaki zuten, eta seigarrena ere udalerri honetan antolatzea erabaki dute. Euskarazko literatura guztion esku sarean jartzen daraman udalerri honetan sortutako Booktegi elkarteari lotutako urtemuga jaialdia urriaren 28rako iragarri dute.
Egun horretarako prestatu dituzten ekimenen egitaraua ezagutzera eman dute jada. "Aurtengo partaideak, besteak beste, Nere Ibarzabal, Eneko Bidegain, Arrate Egaña, Ugaitz Agirre, Miren Gorrotxategi, Maitane Perez, Maialen Akizu, Beñat Barandiaran, Harkaitz Cano, Maite Larburu, Petti, Oihana Maritorena, Noaua Elkarte, Udarregi Ikastola, Nagore Legarreta, Ibai Arrieta, Joseba Urzelai, Jon Urbe, Mendi Urruzuno, Lander Rezola, Gari Garaialde, Idoia Unzurrunzaga eta Xabier Artola izango dira", aurreratu dute antolatzaileek.
Irakurketa saioak, solasaldiak eta zenbait emanaldi iragarri dituzte. Aipatzekoa, sorkuntza munduan ezagunak direnen parte hartzea baita herri eragile hainbatena ere; NOAUA! K.E., Udarregi ikastola edota Sutegi udal liburutegia jaialdi honen sustatzaileen artean izango dira.
Booktegi jaialdia
Urriak 28, larunbata
Zumarte Musika Eskolan:
10:00 "Elkarri irakurriz solasaldia"-Energia- Nerea Ibarzabal, Eneko Bidegain, Arrate Egaña.
11:00 "Poesia irakurraldia"-NOAUA! K.E., Sutegi udal liburutegia.
12:00 "Elkarri irakurriz solasaldia"-Zaintza-Ugaitz Agirre, Miren Gorrotxategi, Maitane Perez.
Moderatzailea: Maialen Akizu.
Sutegin:
17:00 "20netoak"-Maite Larburu, Harkaitz Cano, Beñat Barandiaran.
18:00 "Ipuinaldia"-Udarregi ikastola.
19:00 "Manipulazio Estrategiak"-Petti.
Argazki erakusketa.
Informazio gehiago, booktegi.eus atarian.