Ekintzaileentzako dirulaguntza deialdietara eskabideak aurkezteko epea ixtear

Noaua Aldizkaria 2023ko ira. 27a, 08:00

Lokal hutsetan jarduera ekonomiko berri bat abiarazi nahiz Kabienen urtebeteko egonaldia egiteko udal dirulaguntza lerroetara eskabideak aurkezteko azken egunak dira honako hauek.

Aipatu moduan, Kabiene elkarlan gunean proiektua garatzeko urtebeteko egonaldia egin edota herriko lokal huts batean jarduera ekonomiko berri bat martxan jartzeko hasierako gastuei nahiz alokairuari aurre egiteko Usurbilgo Udalak dituen dirulaguntza lerroetara eskabideak aurkezteko irailaren 30era arteko epea izango dute interesdunek; larunbatera arteko tartea beraz.

Kirol arloko udal dirulaguntza lerroetako batera eskabideak aurkezteko epeak ere zabalik segitzen du. Hemen xehetasunak:

Eska daitezkeen udal dirulaguntzak
Norgehiagoka erregimenekoak ez diren Kirol Arloko dirulaguntzak eskatzeko deialdia
Lagunduko diren egitasmoak: laguntza bereziak (5.400 euro), taldeetako prestakuntza teknikoak (1.000 euro), kirolarien oinarrizko osasun miaketak (5.000 euro), eskolaz kanpoko kirol jardueretan parte hartzeko diru laguntzak (5.000 euro).
Epea: abenduak 1.

Ekintzaileentzako Kabiene Elkartean lankidetza-esparrua erabiltzeko Hasiz Hazi bekaren oinarriak
Laguntzaren zenbatekoa: dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa 1.234,20 €koa izango da, beti ere ekintzaileak 12 hilabetetako erabilera izaten badu Kabienen. 
Epea: irailak 30.

Hutsik dagoen merkataritza lokal batean jarduera ekonomiko berri bat abian ipini nahi duten ekintzaileentzako dirulaguntzen oinarriak eta 2023ko deialdia
Laguntzaren zenbatekoa: ekimenak abiarazteko hasierako gastuei aurre egiteko gehienez 5.500 euro. Lokalaren alokairu edo erosketa gastuetarako, lehen urtean gehienez 400 euro hilean, bigarrenean 300 euro gehienez jota.
Lagunduko diren egitasmoak: egun eskaintzen ez diren zerbitzuekin lotutakoak edota ixtear izan edo itxi berriak izan diren jardueren jarraipena bermatzen dutenak lehenetsiko dira.
Epea: irailak 30.

Informazio gehiago: otsailaren 17ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala.