Gipuzkoako Foru Aldundiak Usurbilgo Udalarekin batera sustaturiko "Emakumeak Mugimenduan" dinamika ezagutaraziko dute ostiralean, irailaren 29an 18:30-20:00 artean Mikel Laboa plazan, “emakumezkoen aktibotasunaren garapena sustatu, babestu, lagundu eta bistaratzeko. Oinarritik eliteraino, emakumezkoen kirola sustatzeko eta bistaratzeko dinamikak, proiektuak eta ekimenak sortuz, eta garatzen jarraitzeko beharra azalduz”.
Hitzordu horretan, emakumeei zuzendutako "egokitze orokorreko entrenamendua" eskainiko zaie hurbiltzen diren emakume guztiei. Maila guztietara zuzendutako ariketa fisiko sorta egingo dute Egoa Alvarado entrenatzaile eta bere taldearen eskutik zuzenduta (MOOV gimnasioa, Donostia). Ariketak inpaktu baxukoak eta zoru pelbikoaren kontzientzian zentratuta izango dira. Bakoitzak bere intentsitatea neurtzeko aukera izango du”. Usurbilgo Udalak antolatu duen hitzordu honetan edonork parte hartu ahalko duela ohartarazi dute, ez da aurrez izena eman beharko.
Azterlan batean oinarritua
'Emakumeok Mugimenduan' app-a ezagutarazteko xedez, txita ibiltari bat ibiliko da datozen asteetan Gipuzkoan barrena. Ostiral honetan Mikel Laboa plazan izango da, arratsaldeko 18:30etik 20:00etara. EHUko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko ikerlariek egindako azterketa bat dago ekimen honen oinarrian. 8 eta 64 urte arteko emakumeen aisialdiko jarduera fisikoa eta kirol ohiturak neurtu zituzten eta emaitzen arabera, "3 emakumetik 1 ez da aktiboa, astean 120 minutu baino gutxiagoz egiten baitu kirola (Osasunaren Mundu Erakundearen gomendioaren azpitik). Gainera, inaktibotzat dute beren burua, eta hori sinesten dute", Foru Aldunditik aditzera eman zutenez.
Ostiral arratsaldean, "entrenamendu funtzionala"
Errealitate honen aurrean jaio zen 'Emakumeok Mugimenduan' izeneko aplikazioa. Eguneroko jarraipena egin eta emakumeen aktibotasuna sustatzeko xedez. IOS zein Android sistema operatiboetan eskura daiteke eta doakoa da.
Aplikazioa ezagutarazi eta herritarrei hurbiltzeko asmoz, txita ibiltari bat ibiliko da Gipuzkoan. Ostiral honetan, Usurbila gerturatuko da. Eta arratsaldez, oinarrizko gaitasunak lantzeko entrenamendu funtzionala eskainiko du MOOV zentroko Egoa Alvaradok. "Mikel Laboa plazan izango da, 18:30etik 20:00etara, eta ez da aurrez izenik eman beharko". Azken ekitaldi hau Usurbilgo Udalak antolatu du.
"Irailaren 29an, "Emakumeok mugimenduan" kanpainan parte hartzeaz irrikitan gaude Oihane eta ni, Egoa, Moovetik", hala adierazi diote NOAUA!ri, etziko hitzordua bideratuko dutenek. Ostiraleko dinamikari buruzko xehetasunok eskaini dizkigute. "Bertan zoru pelbikoan pentsatutako inpaktu baxuko entrenamendua landuko dugu. Alderdi ezberdinetan zentratuko gara. Lokomozioan jolasen bidez, egonkortasunean Animal Flow bitartez, mobilidadean mugimendua erabiliz, zoru pelbikoan hipopresibo ariketez baliatuz eta kalitatezko sistema edukitzea lagunduko gaituen hain garrantzitsuak diren indarreko ariketetan".
Usurbilgo Udalak antolatu duen saio honen bidez "entrenamendu hauekin zure bizitza kalitatea hobetzea da gure helburua, mugarik gabe mugitzea, mendira joan ahal izatea, zure txikiarekin lurrea jolasean ibili ahal izatea, minik gabeko hilerokoak edukitzea… Mugimenduaz eta bizitzaz gozatzea alegia!!".