Boluntarioak behar dituzte Kilometroak jaialdirako

Noaua Aldizkaria 2023ko ira. 28a, 07:54

Argazkia: kilometroak.eus

Igande honetan bertan, urriaren lehenean, Errenterian ospatuko den Kilometroak jaialdirako boluntarioak behar dituzte. Antolakuntzak eginiko deialdi honekin bat egiteko gonbita egin dute Udarregi ikastolatik ere.

Urriko lehen igandean, ohi bezala, Gipuzkoako ikastolen aldeko festa ospatuko da, aurtengoan, Errenterian, "Erriola" aldarripean. Animatuz gero, kilometroak.eus atarian sartu eta kontsultatu behar dituzten boluntarioen zerrenda. Bereziki, komunen zaintza eta garbiketarako behar dituzte boluntarioak, baita argazkilari zein bideogileen lan talderako ere.

Zerrenda horren azpian dauden hutsuneetan datu pertsonalak idaztea aski da boluntario gisa izen-emateko. "Kilometroak Eguna antolatzeko ezinbestekoa dugu denon ekarpena", gogorarazi dute antolatzaileek. Horregatik, laguntza ematera animatzen dute. "Zatoz elkarlanean aritzera eta gozatzera! Elkarrekin eta elkarrentzako!". Informazio gehiago, kilometroak.eus atarian.

"Ikastolen proiektuarekiko atxikimendua sustatu nahi ditugu"
Hirugarrenez antolatu du Orereta ikastolak aurtengo Kilometroak jaialdia. "Herriko beste eragile batzuek ere Kilometroetan parte hartzea nahi dugu (horietako asko, gainera, Ikastolako ikasle ohi eta guraso ere badira). Herri bizia da Orereta-Errenteria, kultur ekimen handikoa, sormen handikoa. Herriko eragileekin eta banakakoekin lan eginez, herritarren parte hartzea eta Ikastolen proiektuarekiko atxikimendua sustatu nahi ditugu. Ikastola ere herri eragilea dela adierazi eta, bide batez, herriari eskerrak eman, urte hauetan guztietan Ikastolari eskaini dion babesagatik. Hori guztia euskaratik eta euskaraz egin nahi da. Herriko gainontzeko kultura eta hizkuntzei irekita, euskara eta euskal kulturatik abiatuta".

Segidan duzue igandeko jaialdirako prestatu duten eskaintzaren berri: