Sareren azken ostiraletako mobilizazioen itzulera gaur

Noaua Aldizkaria 2023ko ira. 29a, 07:07

Udako etenaldiaren osteko lehen mobilizazioa deitu du Sarek gaurko, 20:00etan Mikel Laboa plazan.

Iraileko azken ostirala gaur, hilak 29 ditu. Uda osteko lehenengo mobilizazioa deitu du Sarek arratsaldeko 20:00etan Mikel Laboa plazan.

Elkarretaratze egun honen bezperan, Euskal Herri mailako Sarek jakinarazi duenez, bat egin du, larunbaterako, irailaren 30erako Ankerkeriari Stop plataformak Gasteizen deitutako manifestazioarekin.

"Honelako epai eta espetxeratzeeek ez dute lekurik"
Gogoan izan, espetxeratze agindua jaso dute Aitor eta Galder gazte arabarrek. "Sarek, bost urte iraun dituen ibilbide juridiko hau hasierako unetik salatu zuen bezala, orain espetxeratzen agindu hau ere salatzen dugu; atzera garaman sententzia da Galder eta Aitorri ezarritakoa, salbuespeneko politika atzean uzten ari garen garaiotan guztiz zentzugabea", salatu du Sarek.

Gaineratu duenez, "espetxeen problematikari aterabidea eman eta sufrimendu guztiekin amaitzearen alde urratsak ematen ari garen honetan, honelako epai eta espetxeratzeeek ez dute lekurik. Presondegiak betetzeak ez du inolako kabidarik elkarbizitzarako eta bakerako bidean".

Auzi honek izan duen bideak azaltzen du hori guztia. "Galderrek eta Aitorrek epailearen aurrean indarkeriarik gabeko estrategiarekin bat egiten dutela argi adierazi arren, eta froga irmorik gabeko epaiketa baten ostean, mendeku tresna gisa erabilitako justiziaren praktika salatzen dugu, duela 12 urte ireki zen itxaropen aroa kontutan hartzen ez duena. Urte luzez luzatu den indarkeriaren mamua betikotzeko jarrera nabaria da".

Horregatik, "Sare Herritarra elkartetik adierazten dugu bakearen, bizikidetzaren eta konponbidearen alde lanean jarraitzeko borondatea dugula eta horretan jarraituko dugula burubelarri. Hori baita euskal gizartearen gehiengo zabalak guztioi eskatzen diguna".