Aitor eta Galder aske uzteko Gasteizko manifestaziorako autobus zerbitzua

Noaua Aldizkaria 2023ko ira. 29a, 08:31

Espetxeratzeko errekerimendua jaso duten Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazte arabarrak aske uztea eskatzeko manifestazioa deitu dute larunbatean Gasteizen. Hara joateko deia egin du Usurbilgo Ernaik. Autobus zerbitzua antolatu dute.

Espetxeratzeko errekerimendua jaso dute Aitor Zelaiak eta Galder Barbadok. Bi gazte arabarrok aske uztea eskatu eta bizi duten egoera bidegabea salatzeko protesta ekintzak egiten ari dira egunotan herri eta eskualdeetan. Mobilizazio nagusia, ordea, larunbat honetarako, irailaren 30erako deitu du Ankerkeriari Stop! plataformak hainbat eragileren babesarekin Gasteizen. Arratsaldeko 18:30etan abiatuko da Artiumetik "Euskal Herria aurrera!" aldarripean. Hara joateko autobus zerbitzua antolatu du Usurbilgo Ernaik. Arratsaldeko 16:00etan abiatuko da Oiardo kiroldegi paretik. Izena aurrez eman ahalko da Aitzagan eta Txiribogan jarri dituzten zerrendetan. 

Herri gisa erantzuteko deia
Manifestazio horretan parte hartzeko deia egin du Usurbilgo Ernaik. "Herri bezala inplikatzen gaitu eta herri bezala erantzun behar da. Bereziki, nahi da gazte bloke indartsu bat egotea. Era berean, ordea, izaera politikodun espetxeratzeak izanik, uste dugu herriko belaunaldi orotako jendea ere interpelatuta egon beharko litzatekeela. Izan ere, oinarrizko eskubide zibil eta politikoez ari gara". Ildo horretan, "jendeak jakin behar duena da gutako edonor izan daiteke haien tokian egon daitekeena".

Ernaitik adierazi dutenez, bi gazteon auzia, "helburu politiko batzuen kontrako jarrera da, ez hainbeste indarkeriaren kontrakoa, baizik eta Euskal Herriaren kontrako jarrera bat da". Horregatik argi utzi nahi dute, "Aitorren eta Galderren preso politiko izaera, hautu edo militantzia politiko batengatik zigortu dituztelako". 

Aitor eta Galder gazteen kasuak erakusten du, Usurbilgo gazte antolakundearen esanetan, "militante independentistak, bereziki gazteria nola dagoen jo-puntuan Espainiako 78ko Erregimenari lotutako auzitegi kasik faxista hauen partetik, baina aldi berean ere Ertzaintzaren eta EAJren partetik, kasu honetan zehazki inplikazio handia izan baitute". 

Bizimodu erabat ziurgabea 
2019ko otsailean atxilotu zituen Ertzaintzak bi gazte arabarrok Auzitegi Nazionalaren aginduz, hilabete batzuk lehenago Arabako Duran aurkitutako lehergaien arduradun zirelakoan. "Armak, munizioak eta lehergailuak edukitzea, eta horiek helburu terroristekin gordetzea eta trafikatzea" egotzi zieten. Ia urte erdi egin zuten behin-behineko espetxealdian. Muntaia polizialtzat jo du Usurbilgo Ernaik orduan jazotakoa. 

2021. urte hasieran epaitu zituzten. Launa urteko espetxe zigorra, urtebeteko zaintzapeko askatasuna eta hamar urteko inhabilitazioa ezarri zieten Zelaiari eta Barbadori. Iragan maiatzean Espainiako Auzitegi Gorenak Auzitegi Nazionalaren epaia berretsi zuen.

Denbora tarte honetan guztian zehar, ziurgabetasun betean bizi izan direla salatu du Usurbilgo Ernaik, "beti ohartaraziz edozein uneetan atxilotuak izan zitezkeela. Prozesu honek guztiak haien bizitza baldintzatu du". Prozesu anakroniko eta krudeltzat jo du Ankerkeriari Stop plataformak auzi hau, Usurbilgo gazte antolakundeak egin bezala. "Espainiako estatuko mekanismo errepresiboek eta Euskal Herriko hainbat eragileek ere oraindik jarrera oso errepresiboak" aplikatzen dituztela salatu dute, iraganekoak behar luketenak. 

Auzi hau salatzeko hainbat protesta egin dira azken urteotan, tartean Usurbilen bertan, baita egunotan ere herri eta eskualdeetan; tartean, iragan ostiralean Gasteizen eta Bilbon. Zenbait gazte atxilotu zituzten. Atxiloketok eta "salaketa ekintzak egiten diren unean Ertzaintzaren jokabidea" deitoratu nahi izan du lerroon bidez Usurbilgo Ernaik.