Kantu-jiraren itzulera eta "Usurbil Museo Irekia" bisita gidatuak asteburuan Kaxkoan

Noaua Aldizkaria 2023ko ira. 29a, 08:25

Kantua eta bisita gidatuak izango ditugu asteburuan Usurbilen.

Kantu-jiraren itzulera
Irailaren 30ean itzuliko dira berriz plazara Usurbilgo Euskal Kantu Taldekoak, 12:00etan Mikel Laboa plazatik abiatuko duten kantu-jirarekin. Aurrez hasiko dituzte ordea entsegu saioak; astelehenero biltzen segiko dute, 18:00etan hasita Agerialdeko musika gelan.

"Usurbil Museo Irekia" bisita gidatuak
Aurreko asteburuetako hitzordu berezien ondotik, ohiko bisita gidatuak izango dira datozen asteburuetan, 12:00etan Sutegitik abiatuta. 50 urte bete dituen Jose Luis Zumetaren murala, Udarregi bertsolariaren omeneko eskultura, Dema plaza, Askatasuna plazako Karlos Zabalaren sortze lanak... Eta altxor gehiago dituzte Usurbilgo kaleek. Egunerokoan begibistan ditugun sortze lanok sakonago ezagutzeko aukera eskaintzen digu "Usurbil Museo Irekia" asteburuetako bisita gidatuen ekimenak.

Hitzorduotan izena aurrez eman beharko da 650usurbilbizi.eus atarian. Gehienez, hamalau bisitariko taldeak osatuko dira. 

"Usurbil beti izan da Euskal Herriko kultur-gune erreferentzialetako bat eta bere lekua irabazi du Euskal Herriko kulturaren mapan. Usurbilera baldin bazatoz bere kaleetan murgiltzea eta paseatzea nahikoa izango duzu edonora eta begiratu eta artelan bat aurkitzeko. Kalean, plazetan, hormetan… Lehengo zein oraingo izen handiko sortzaileen lanak eta ondare aztarnak non nahi izango dituzu zure begiradaren zain.  Gida baten laguntzaz ezagutu ahalko dituzu artelan hauek guztiak ordubeteko bisita gidatuan".