Sagardotarako sagarren erakusketa eta bertsoz giroturiko ibilaldia sagastietan barrena egunotan

Noaua Aldizkaria 2023ko urr. 2a, 13:33

Sagardotarako baliatzen diren sagarren erakusketa eta "sagardoaren paisaia kulturala ezagutzeko" txangoa antolatu dute egunotarako.

Sagardotarako baliatzen diren sagar motak ikusgai dituzue egunotan Sutegin eta Alkartasuna Usurbilgo Baserritarren Kooperatiban. "Sagardotarako erabiltzen ditugun 115 barietateren artean aukeraketa ikusgai", ohartarazi dute antolatzaileek. Alkartasunarekin batera, Sagardoaren Unibertsitateak eta Usurbilgo Udalak antolaturiko ekimena duzue urriaren 9ra arte ikusgai izango duzuena.

Gutxienez, 21 sagar mota batu dituzte: Goikoetxe, pelestriña, errezila, haritza... Baina mota gehiago batu nahi erakusketarako eta horretarako laguntza eskatua dute. "Gonbita egiten diogu etxean sagarra duen orori, kooperatibara ekar dezan, bilduma osatzeko".

Sagastietan ibilaldia bertsoz girotua
Bada bigarren ekimen bat aipatu hiru eragileok (Alkartasuna Usurbilgo Baserritarren Kooperatibak, Sagardoaren Unibertsitateak eta Usurbilgo Udalak) antolatu dutena, aste honetarako ere. Igandean, urriaren 8an, sagastietan barrena bertso-ibilaldia hain zuzen, "sagardoaren paisaia kulturala ezagutzeko". Igande goizeko 10:00etan finkatu dute biltzeko hitzordua Aginagako plazan.

Hortik aurrera, inguruko sagastietan barrena osteratxoa egiteko aukera eskainiko dute, Jakoba Errekondoren argibideak eta Maialen Lujanbio zein Andoni Egañaren bertsoak bidelagun dituztela. Hitzordurako izena bideotatik eman ahalko duzue:
alkartasuna@usurbil.com 
943 361114