Ikasturte berrian gaurtik zenbait zerbitzu

Noaua Aldizkaria 2023ko urriaren 2a

Oiardo kiroldegiak edota Etumeta AEK euskaltegiak gaur ekingo diete 2023-24 ikasturte berriari.

Astelehen hau, urriaren 2a izango dute 2023-24 ikasturte berria abiatzeko eguna Usurbilgo hainbat guneetan.

Etumeta AEK euskaltegia
Matrikulazio kanpainan zehar izena eman duten ikasleek gaurtik aurrera hasiko dute ikasturte berria Etumeta AEK euskaltegian. Gogoan izan, euskara ikasteko maila guztiak (A1, A2, B1, B2, C1, C2), aurrez aurreko eskolak eta jarraipen pertsonalizatuak, autoikaskuntza, alfabetatze ikastaroa, hobekuntza ikastaroak, mintzamena lantzeko ikastaroak astean bitan… eskaintza zabala iragarri dute aurten ere. Informazio gehiago:
Nagusia, 43
607 609 379
usurbil@aek.eus
aek.eus
muntteri.blogspot.com.es

Oiardo kiroldegia
Denboraldi berria ere abian du Oiardo Kiroldegiak. "Gure ikasturte berria ere martxan da!", berri eman dute. "Kiroldegiko langile guztion partetik mila esker zuen konfiantzagatik. Ikasturte on denoi eta egurre!!, adierazi dute sare sozialen bidez. Ikastaro eskaintza zabala antolatu dute hilabeteotarako. Izen-ematea, ordea, irailaren 20an itxi zuten.




KzGunea
Abuztuan itxita egon ostean, irailean zehar arratsaldez izan dute zabalik Usurbilgo KzGunea. Gaurtik, urriaren 2tik, ordea, goizez irekiko dute, 9:00-13:00 artean. Hemen datozen ikastaroen berri:
-Urriak 2-6, 11:00-13:00 "Mekanografia. Ikasi hutsetik".
-Urriak 9-24, 11:00-13:00 "Oinarrizko Interneta. Nabigatzen eta posta elektronikoak bidaltzen ikasi".
-Urriak 25-27, 11:00-13:00 "Zure bidaia planifikatu".
-Urriak 30-31, 11:00-13:00 "Google Maps. Zure ibilbiderik onena arakatu eta aukeratu".
Informazio gehiago:
943 023 684
tutor.usurbil@kzgunea.net

Jabetze Eskola
Aste honetan ekingo diete baita Usurbilgo Udaleko Parekidetasun Sailak urte amaiera honetarako iragarritako bi ikastaroei. Pepa Bojok eskainiko duen “Autoestimua eta ahalduntzea” (gazteleraz), ostegunean, urriaren 5ean hasiko dute eta abenduaren 14ra arte luzatuko da. Saioak ostegunero izango dira Potxoenean, 17:00-19:00 artean. “Autoestimua funtsezko oinarria da, eta horretan oinarritzen da ahalduntze-prozesua. Tailer hau gure gizarte patriarkalean autoestimua nola eraikitzen den ulertzeko tresna bat da, bizitzan zehar jaso ditugun mezuetatik zeintzuk laguntzen eta ahalduntzen gaituzten jakiteko; baita zein baliabide, indargune eta trebetasun ditugun jakiteko eta geure buruarekin harreman ona sortzeko, zaintzaren eta auto-konfiantzaren bidez”. 

Lehenago, astearte honetan bertan, urriaren 3an abiaraziko dituzte "Biodantza" ikastaroko saioak, 15:30-17:00 artean Oiardo kiroldegian. Abenduaren 12ra arte luzatuko den ikastaroko saioak, asteartero izango dira. “Biodantza musika, mugimendua eta emozioa uztartzen dituen jakintza bat da. Modu honetan, bakoitzak bere pentsamendu, sentimendu eta ekintzen kontzientzia hartzen du. Tratu onak ematen dira norberarentzat, besteentzat eta inguruan ere. Besteekiko enpatia garatzen da, eta afektuan oinarritutako harremanak sortzen dira. Autoestimua hobetzen da, eta maitatzeko gaitasuna handitzen laguntzen du. Adin guztietako emakumeei zuzendua dago eta ez da aurretik dantza egiteko esperientziarik behar”.

Ikastaro hauetarako izen-ematea irailaren 29an itxi zuten.