Urriak 2 ditu gaur, ofizialki udazkenean izan arren, uda giro betean gara azken aldian. Albiste honi atxikitako argazkian duzue, 13:00ak aldera Amenabar farmaziako termometroa erakusten ari zen 35,5 graduko tenperatura.
36 gradura arteko tenperatura izan dezakegu astelehen arratsalde honetako lehen orduetan. Ordu gutxi barru, ordea, guztiz aldatuko da giroa. "Arratsaldean haizeak ipar-mendebaldera egingo du eta tenperatura jaitsaraziko du; jaitsiera pixkanaka mendebaldetik ekialdera eta kostaldetik Kantauri isurialde barnealdera hedatuko da". Geure inguruan 18:00ak alderako iragarri dute aldaketa. Abisu horian izango gara datozen orduotan, 13:00-19:00 artean "muturreko tenperatura oso altuengatik" eta 15:00-19:00 artean iragarri dute galerna. "Haizeak bat-batean eta zakar ipar-mendebaldera egingo du eta haizearen norabide aldaketa mendebaldetik ekialdera hedatuko da kostaldean. Haize-boladak 60 km/h ingurukoak izan daitezke. Tenperatura ordubetean 10 ºC inguru jaits daiteke".
Baita Usurbilen ere. Gaur, "eguzkitsu egongo da, goi-hodeien tarte batzuekin; baliteke arratsalde-gauean behe-hodeiak ugaritzea. Hego-osagaiko haizea ibiliko da; arratsaldean haizeak mendebal/ipar-mendebaldera egin dezake ahul-bizi, bolada gogorrekin. Tenperatura maximoak gutxi edo nahikoa igoko dira".
Erabat bestelako giroa izango dugu asteartean. "Hodeitza handituz joango da, goizean zerua hodeitsu edo oso hodeitsu gelditu arte. Goizetik aurrera euri txikia egingo du. Norabide aldakorreko haizea ibiliko da. Goizean ipar-osagaitik finkatuko da haizea ahul, tarteka bizi, arratsalde-gauean ipar-ekialdekoa nagusituko da. Tenperatura minimoak gutxi jaitsiko dira. Tenperatura maximoak asko jaitsiko dira".
Asteazkenean argituko du berriz. "Goizaldean baliteke zirimiria egitea. Goizean hodeitza txikituz joango da eta arratsaldean zerua partez hodeitua geldituko da tarte hodeitsuekin. Eki-osagaiko haize ahula ibiliko da, tarteka bizi, ipar-ekialdekoa nagusituko da. Tenperatura minimoak gutxi jaitsiko dira eta maximoak gutxi edo nahikoa igoko dira".
Informazio eguneratua, euskalmet.eus atarian jaso ahalko duzue.