Baterajotzea

Izen-ematea zabalik eta herria topaketa feministarako prestatzen hastear

Noaua Aldizkaria 2023ko urr. 3a, 12:52

Urriaren 13tik 15era Usurbilen egingo den Baterajotzearen antolatzaileak lankidetzan aritu dira hilabeteotan Usurbilgo Udalarekin. Hala, Udalak ekipamendu publiko eta baliabide erabiltzeko baimena eman die”. Herria, datozen egunotan Euskal Herri mailako topaketa feministarako itxuraldatzen ikusiko dugu. Hitzordurako izen-emateak, bestalde, zabalik segitzen du.

“Utopiak lehertzeraino!” aldarripean, Euskal Herriko Neska* Gazteen Baterajotzea badator Usurbila, urriaren 13tik 15era. Astebete barru egingo den topaketa feministan, beraz, ehunka laguni harrera egingo dio herri honek.

"Baterajotzea Euskal Herriko neska* gazteon elkargune eta eztabaidarako espazioa da, elkarrekin Euskal Herria feminista irudikatzeko eta eraikitzeko tokia, saretu eta antolatzeko aukerak eskaintzen dituena”. 

Beharrezkotzat jotzen dute antolaketa propio bat, “neska* gazte gisa zeharkatzen gaituzten zapalkuntza espezifikoak problematizatu eta proposamen propioek ere tokia izan dezaten, gure mundu ikuskera zabaldu dezagun eta iritzi sortzaile izan gaitezen”.

Bertaratzeko gonbita egina dute antolatzaileek. Izan ere, azaroaren 30erako deitua dagoen zaintza eskubide kolektiboaren aldeko greba feministaren atarian, “Euskal Herriko gazte feminista guztiok elkartuko garen espazioa izango delako, greba bera indartu eta antolatzeko”. Horrez gain, Usurbilgo hitzorduan parte hartzeko deia egin dute, “eskuartean ditugun eztabaidetan sakonduko dugulako, sistema iraultzeko proposamenak irudikatu eta artikulatuz. Utopiak pentsatu eta haustura kolektiboak antolatuko ditugu”.

Lankidetzan
Apirilaren 17an iragarri zuten Euskal Herriko Neska* Gazteek urriko Baterajotzea Usurbilen egingo dutela astebete barru, Mikel Laboa plazan egindako agerraldian. Udalarekin hartuemanetan jarri ziren antolatzaileak eta ordutik, hilabeteotan “elkarlanean aritu dira topaketak herrian egiteko beharrezkoak dituztenak lotzen: hala, Udalak ekipamendu publiko eta baliabide erabiltzeko baimena eman die”.

Euskal Herri mailako topaketa feminista, aipatu moduan, hilaren 13tik 15era izango da udalerri honetan, baina lehenago hasiko da lekua hartzen. Muntaketa lanak bideratuko dituzte aurreko egunotan.


Baterajotzea
Egunak:
urriak 13, 14 eta 15.
Tokia: Usurbil.
Izen-ematea eta informazio gehiago: ehkoneskagazteak.eus
Antolatzailea: Euskal Herriko Neska* Gazteak.
Gune nagusiak: Agerialdeko otorduen gunea, frontoia, Dema plazako karpagunea eta Udarregi ikastolako eraikin gorriaren pareko belazea lotarako lekua. Atalluko industriagunea topaketetako parte hartzaileak etorriko diren autobusen geltokia izango da.
Ordu batzuez baliatuko dituzten beste guneak, urriaren 14an bereziki: Askatasuna plaza, Udarregiko plaza borobila, Sutegiko auditorioa, Potxoeneko Urdintxo gela, Kiroldegiko eskubaloi pista eta areto berria...




Euskal Herriko neska* gazteen agerraldia Usurbilen
Neska* gazteok sistema hau iraultzeko antolatuta gaudela ozen esatera gatoz. Azken urteotan, krisi anizkoitzaren erpinetako bakoitza zorroztu da eta bizitza eta kapitalaren arteko talka bortizki areagotu. Murrizketen, bizitzaren garestitzearen, eraso sexista, arrazista, klasista eta transmaribollo-foboen nahiz bizitza duin bat izateko oinarrizkoenak diren baliabideen faltaren lekuko gara. Sistemaren oldarraldi berri bat da hau eta distopia baten aurrean kokatzen gaitu.

Oldarraldi honetan, zaintza lanen pribatizazio eta merkantilizazioan sakondu dute, eskubidea izatetik urrun, pobrezia eta betebehar gisa inposatzen digutelarik sistematikoki, enpresek, erakunde publikoek eta gizonek. Modu disparekoan, doakoan edo prekarizatuan behartuta egiten ditugu; finean, esplotatuta. Horregatik diogu, zaintza lanen esparrua, esplotazio eremu sexualizatu eta arrazializatua dela. Esplotazio egoeran inposatzen diren zaintza-lanei planto egingo diegu.

Zaintza lanen pribatizazio eta merkantilizazioa ezinbesteko zaizkie botere kapitalista, patriarkal eta kolonialei, biziraun dezaten. Izan ere, gure gorputzen esplotazioari esker, produzitu eta erreproduzitzen da sistema kapitalista zisheteropatriarkal koloniala.

Zaintza lan gisa ukatzea eta inbisibilizatzea, sistemaren ezinbesteko premisa da; horregatik diogu egungo zaintza-sistema iraultzearen proposamenak, potentzial politiko izugarria duela, bestelako sistema bat irudikatzera eta antolatzera garamatzalako.

Mugimendu feministatik, zaintza-sistema iraultzearen proposamen erradikala mahaigaineratu dugu, greba feminista orokor baterako deia eginez, zaintza eskubidea izatea eta lan honen gaineko erabaki gaitasun kolektiboa edukitzea exijituz.

Azken urteetan, mugimendu feministatik mobilizazio gaitasun ikaragarria erakutsi dugu. Antolatzen gabiltzan greba honek izango duen potentzialtasunaz eta eztanda gaitasunaz baliatuko gara errotiko aldaketak eragin eta exijitzeko; urgentziazkoak diren aldaketak abiarazteko; arrakalak sortu eta eraldaketetan sakontzen joateko aurrebaldintzak sortzeko; gure utopia propioak hemen eta orain gaurdanik eraikitzeko. Ezkutatu egin nahi dute, baina askotan diogun bezala, gerra egon badago. Gerra hau ikusaraztera gatoz, iraultza feminista da gurea!

Jada hasi gara grebaren antolaketan auzo eta herrietan. Ordea, jakin badakigu, gazteok beharrezko dugula antolaketa propio bat ere, gure behar eta proposamenek tokia izan dezaten, mundu ikuskera zabaldu dezagun eta iritzi sortzaile izan gaitezen.

Indartsu gaude eta espazio propioak behar ditugu. Horregatik, grebaren aurretik Euskal Herriko gazte feministontzat espazio bat sortuko dugu, Baterajotze berri batera goaz. Dugun potentzialtasuna artikulatu, norabidetu eta nola kristalizatu erabakitzeko Usurbilen elkartuko gara urriaren 13, 14 eta 15ean.

Milaka gara auzo eta herrietan lanean gauden neska* gazteak, zaintza politizatzen ari garenak, gure gorputzak zeharkatzen dituzten zapalkuntza egoerei izena jartzen diegunak, hirigintza gure bizitzen neurrira diseinatuta ez dagoela salatzen gabiltzanak, hezkuntza-sistema patriarkarla dela salatzen dugunak, bestelako harremantze ereduak imajinatzen eta praktikan jartzen ari garenak, autodefentsa feministan gorputza jartzen dugunak... Finean, beste mundu bat posible dela sinetsi eta hau eraikitzeko borrokan gaudenak. Baliatu dezagun potentzialtasun hau utopiak gaurdanik eraikitzen hasteko, eta horretara bidean, Greba Orokor Feminista inoizko indartsuena izan dadin.

Sistema kapitalista zisheteropatriarkala iraultzeko proposamenak irudikatu eta artikulatzera, hausturak kolektiboki antolatzera eta utopiak lehertzera gatoz.

Euskal Herriko neska* gazteok indarberriturik gaude, iraultza feminista da gurea.

Utopiak lehertzeraino, Neska* Gazteok Baterajotzera!
Gora borroka feminista!