862.000 euroko kreditu aldaketa onartu zuen udalbatzak gehiengo osoz iragan asteko osoko bilkuran, EHBildu eta PSE udal taldeetako ordezkarien aldeko botoekin. EAJ abstenitu zen. Aipatu kopuru horretatik, 700.000 euro udalaren gerakinetatik finantzatuko da eta beste 170.000 euro inguru jasotzea espero ez zen dirulaguntza batekin.
Diru txertaketa honekin, aurtengoan 17 milioi euro inguruko aurrekontua kudeatzen ari dela nabarmendu zuten udal gobernu taldetik. "Zenbaki historikoak" dira honako hauek, alkate Agurtzane Solaberrietak gogorarazi zuenez. Diru kopuru horren erdia gutxi gorabehera, auzoetako inbertsioetara bideratuko dute: Etxealdiako beheko eremuko aparkalekuak egokitu eta espazioa berrantolatzera, baita Santueneko auzoko sarrera ere edota Kalezarko aldapa, hasi Txikikordatik eta Egurtzegiraino doana konpondu eta bertako azpiegiturak berritzera.
Udal aurrekontuetan txertaturiko diru kopuruaren beste erdia gastu arruntak ordaintzera bideratuko du Udalak. Izan ere, ezusteko gastu bati aurre egin beharrean aurkitu da Usurbilgo Udala, baita Gipuzkoako gainerako udalerriak ere. Hain zuzen, hainbat zerbitzu jasotzeko (gasa, argindarra) udal guztiok Gipuzkoako Foru Aldundiaren zentralera atxikitua daude. Urte hasieran, udal aurrekontuetan orduko tarifen araberako aurreikuspena egin zen. Aldiz, hilabete haietan amaitu zen Diputazioak ordura arte zuen lizitazioa. Esleipen berririk ez zuela egin azaldu zuten udal gobernu taldetik eta "prezio berriak udaleko aurreikusitakoak baino askoz altuagoak izan dira, eta, ondorioz, irailerako partidak agortu dira", zioen alkateak iragan asteko osoko bilkuran.
Hiru mozio
Aipaturikoarekin batera, presaz diru txertaketa behar zuten partida gehiago egonda, alkate dekretuz beste bi kreditu aldaketa onartu ditu Udalak. Batetik, berea den Agerialdeko eraikineko espazioa konfiantzaren pedagogira egokitzeko 55.000 euro bideratu ditu. Egitasmo eta gastu arrunt gehiagora ere bideratu ditu aipatu diru txertaketak.
Bestalde, osoko bilkura hartan hiru mozio aurkeztu zituen Bizitza Usurbil elkarteak. Bi covid19ak eragindako osasun krisialdiari lotutakoak, hirugarrena trantsizio ekologikoari buruzkoa. Hiru mozioen aurka bozkatu zuten aho batez udal ordezkariek.
Udal gobernu taldetik azaldu zutenez, "luze zabal" hitz egiteko eta aipatu elkartearen iritzia entzuteko aukera izan dute aldez aurretik. Udalbatza berria izanda, zinegotziek hauen berri izateko eraman zituzten iragan asteko udalbatzarrera. Errespetagarritzat jotzen dituzte aurkezturiko testuak baina "udalez gaindiko" gaia zela eta edukia ez dutela partekatzen adierazi zuten. Txertoaren gaia esaterako kontu pertsonaltzat jo zuten. Covid19ak eragindako mundu mailako osasun krisialdiari lotutako mozioei dagokienez, oroitu zuten "goitik beherako erabaki asko kudeatu" beharrean aurkitu zirela, baina halere udalerri honen eredugarritasuna nabarmendu zuten, "herritarren osasuna eta bizitza soziala bermatzen" ahalegindu izanagatik. Trantsizio energetikoari lotutako mozioari dagokionean, orain arte bezala norabide horretan lanean segitzeko asmoa agertu zuten EHBildutik azken osoko bilkuran. Uraren kudeaketa jarri zuten adibide gisa, Erroizpeko presako urez herria hornitzeko eginiko inbertsioak edota abian den energia berriztagarrien komunitatea. Elikadura subiranotasunaren alorrean Behemendirekin lankidetzan ari direla gaineratu zuten.