Lan-eskaintza

Klima aldaketa eta energia trantsizio teknikaria kontratatzeko deialdia plazaratu du Udalak

Noaua Aldizkaria 2023ko urr. 4a, 11:36

Urriaren 8ra arte eman ahalko da izena Udalaren lan deialdi horretan.

Lan-eskaintza berri baten deialdia plazaratu du Usurbilgo Udalak lanbide.eus atarian. Klima aldaketa eta trantsizio teknikaria kontratatu nahi du, berehala hasteko, aurreikusi dutenez, hilabete honetako bigarren hamabostaldian bertan. "Lanpostuak hiru helburu nagusi ditu. Batetik, herritarrei energia berriztagarrien inguruko zalantza eta aholkularitza zerbitzua eskaintzea, eta, bestetik, pobrezia energetiko egoeran daudenei laguntzea. Horrez gain, teknikariak udalaren eta udal ekipamenduen energia kontsumoaren kudeaketa ere egingo du", adierazi du Usurbilgo Udalak. 

Eskaintza hau "lehen lanbide esperientzia izateko programak finantzatzeko Europako Batasuneko Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren baitako dirulaguntza baten bidez egin du" Udalak. Lan deialdi hau, "unibertsitate ikasketak bukatu berri dituzten gazteei zuzenduta dago, eta praktiketako lan kontratua eskainiko zaie, urtebeterako".

Udaletik gogorarazi dutenez, "2020 amaieran ere udalak energia teknikari bat kontratatu zuen, gazteen lehenengo lan aukera eskaintzeko programa baten bidez, eta bulegoa ere ireki zuen, Artzabalen. Oraingo honetan, teknikaria udalean egongo da, eta hitzorduren bat nahi duenak telefonoz eskatu beharko du,
udalera deituta (943 37 19 51)".

Interesa dutenek urriaren 8a baino lehen eman beharko dute izena lanbide.eus webguneko eskaintzan.


Lan-eskaintzari buruzko xehetasunak
-Europar Batasunak finantzatutako Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan Administrazio publikoetan lehen lanbide esperientzia izateko programa finantziatzeko laguntzen 2021eko abenduaren 13koa (EHAA, 2021eko abenduaren 31a) 6. art zehazten direnak:
-30 urte baino gutxiago izatea.
-Langabea izatea eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan alta emanda egotea enplegu eskatzaile gisa.
-Lan-kontratu bat praktikaldian hitzartzeko betekizunak betetzea, kontratatuko den pertsona ikasketak amaitzen direnetik 3 urte baino gehiago igaro ez izana.
-Ingenieritza titulazio bat izatea: industriala, ingurumenekoa, energetikoa, energia berriztagarriena, elektrikoa edo elektroniko titulua.
-Euskara: C1.

Baloratu beharrekoak:
-4. Hizkuntza Eskakizuna izatea.
-Energia arloko masterrak. 

Urtebeteko Praktiketako lan-kontratua eskeintzen da. Soldata gordina 2833,78 euro.