Buruntzaldeko sei udalen ekimenez, jaioberrien familiei hainbat baliabide eskaintzen zaizkie: zorion gutuna, hizkuntzari buruzko aholkuak, abestien CD-a eta ibilgailuan jartzeko pegatina. Garaiak eta gizartea aldatzen doazenez, opariarena birformulatu egin dute.
Familia eredu berrietara egokitzea
Biztanleria aldatzen ari da eta horrekin batera, familien tipologia. Familia horiei hainbat baliabide eskaintzera dator material berritua, hizkuntzak ikasten laguntzeko ardura familiarena ere badelako.
Garai berrietara egokitzea
Garaiak ere aldatzen ari diren honetan, bitarteko digitalen aldeko apustua egin da.
Hiru opariko sorta
• Karpetatxoa: Jaioberrientzako ongi etorri eta zorion mezua 15 hizkuntzatan jasotzen da.
• Iman-euskarria: Egunerokoan umeekin erabiltzen diren esaera labur eta erraz batzuekin: otorduetan, lotarakoan, agurtzeko...
• Haurtxoarekin jolasten, abesten zenbatzen izeneko liburuxka zabalgarria: Ilustrazio bizi-bizi eta erakargarriekin jantzita, alde batean, euskaraz zenbatzeko; bestean, berriz, jolasak, abestiak eta euskarazko hainbat esaera bildu dira.
Gainera, jolas, abesti eta esaera guzti-guztiak euskarri digitalean ere jaso dira; euskarri fisikotik, QR kodeen bidez, atari digitalera salto egiteko. Euskara.buruntzaldea.eus webgunean ikusgai daude bideo eta audioak.
Familiak, haurren bidelagun
Buruntzaldeko udalen esanetan, "garrantzitsua da familiak kontzientziatzea edozein egoera eta harremanetan bi hizkuntza ofizialetan eroso komunikatzeko gaitasuna eskuratzea onuragarria izango dela". Haurrek eskolan euskaraz ikasiko badute ere, "familiek haurraren bidelagun izan behar dute hizkuntzak eurenganatzeko prozesuan. Eta familia guzti-guztiek dute, bakoitzak bere errealitatetik abiatuta, zer-nola eragin". Hala, lau familia-tipologia bereizita (familia euskaldunak, mistoak, euskaraz ulertzen dutenak eta euskara ezagutzen ez dutenak) familia bakoitzari lauzpabost gomendio luzatzen zaizkie.
Euskara.buruntzaldea.eus webgunea berritu dute
Jaioberrien materiala berritzearekin batera, euskara.buruntzaldea.eus webgunea ere eguneratu da. "Diseinuz ataria azalberritu ez ezik, edukiak ere txukundu, eguneratu eta berrantolatu dira", Buruntzaldeko udalek aditzera eman dutenez. "Txikienekin euskaraz aritzeko aipatutako material erakargarria osatzea izan da lehentasuna, baina gazte eta helduentzat ere baliabide mordoxka aurki daiteke bertan, informazio orokorrarekin batera (albisteak, kultur agenda, dirulaguntzak, aholkularitza, itzulpen-zerbitzuak, etab.)".