Usurbil 1936

"Andatza mendiko defentsa-lerroa" ibilbide antzezturako gonbidapenak eskuragarri

Noaua Aldizkaria 2023ko urr. 9a, 09:45

Argazkiak: Usurbil 1936.

1936ko gerraren testuinguruan Usurbilen jazotakoa antzeztuko duen ibilaldi gidatu berezirako gonbidapenak eskuragarri dituzue usurbilkultura.eus plataforman.

Eguraldiak laguntzen badu behintzat, inoiz bizi gabeko ibilaldi gidatu eta girotuan parte hartzeko aukera izango da hurrengo urriaren 21ean. Iraganera, 1936ko gerrara eramango gaituen ibilaldi antzeztua antolatzen ari da Usurbilgo oroimen historikoa berreskuratzeko lan itzela egiten ari den Usurbil 1936 elkartea. "Andatza mendiko defentsa-lerroa" ezagutaraziko digun ibilaldi antzeztua izango da.

Helburu hirukoitza izango du ekimenak; batetik, 1936ko abuztuan eta irailean herri honetan jazotakoaz informatzea, gertakari haien testuingurua azaldu eta garai hartako Andatzako lubakiak erakustea.

Bisita honetan herritar kopuru mugatu batek soilik parte hartu ahalko du eta aurrez eman beharko da izena. Gonbidapenak usurbilkultura.eus plataforman edo Potxoenean eskura ditzakezue. 

"Defentsa leialaren puntu garrantzitsua"
Gai honi buruz eta, orohar, 1936ko gerrari buruzko lekukotzak, dokumentazioa eta elkarteak eskuartean dituen egitasmoei buruzko informazio gehiago usurbil1936.eus atarian jaso daiteke; tartean, besteak beste, Andatzako lubakiei buruzko xehetasunak. 

Hala irakurri ahal dugu webgune honetan. "Andatza mendia eta haren inguruak defentsa leialaren puntu garrantzitsu bilakatu zituzten 1936ko abuztuaren amaieran. Handik astebete eskasera, dokumentatuta dugu borroka-fronte horretako lehen tiroketa: faxistek Donostia okupatu zutenean, erasoaldia antolatu zuten sektore horretan. Hala, irailaren 15ean, hain justu, demokraziaren aurkako indarrek aurrera egin zuten Andatza menditik gertu zeuden posizioetaraino, eta, hurrengo egunean, gobernuaren azken posizioak hartu zituzten mendi horretan. Mendi garaiera gotortuok menderatuta, ordu gutxiren buruan iritsi ziren faxistak hurbilen zeuden herrietara: Usurbil eta Aginagara".


"Andatza mendiko defentsa-lerroa" ibilaldi antzeztua
Eguna: urriak 21, larunbata.
Ordua:
9:30-14:30.
Tokia: Mikel Laboa plazatik abiatuko da.
Zehaztasunak: "Ibilbidearen helburua Usurbilen eta Andatza mendian 1936ko gerraren inguruan jazotako zenbait gertaerez–batik bat abuztu bukaera eta iraila erdialdera artekoak–informatzea, testuinguru historikoa azaltzea eta 2022-2023an egindako lan arkeologikoaren ostean berreskuratutako lubakiak erakustea da. Bisitarien taldea era egokian kudeatzeko, parte hartzaileen kopurua mugatua izango da. Bisitariek 14 urtetik gora eduki eta mendian ibiltzeko gai izan beharko dute. Ez dira animaliak onartuko taldean".
Izen-ematea: usurbilkultura.eus plataforman edo Potxoenean.
Antolatzailea: Usurbil 1936 elkartea.