Aginagako ospakizunen ondotik, ekitaldiz jositako urria

Noaua Aldizkaria 2023ko urr. 10a, 08:45

Urriak urritik gutxi izango du Usurbilgo ekimen eskaintzari dagokionean. Aginagako festen ondotik, topaketa, ziklo eta oroimen historikoa berreskuratzearen aldeko hitzorduak izango ditugu hurrengo asteotan.

Aginagako jaien ostean, atseden egun batzuk izango ditugu herri bizitzari dagokionean, baina ate joka ditugu hamaika hitzordu. Urria ez datorkigu urri ekitaldien eskaintzari dagokionean. Hasteko, Euskal Herriko Neska* Gazteek antolaturiko Baterajotzeari harrera egingo dio Usurbilek asteburu honetan, urriaren 13tik 15era. "Utopiak lehertzeraino!" aldarripean, azaroaren 30eko zaintza eskubide kolektiboaren aldeko greba orokorrari begirako topaketa feministan batuko dira ehunka lagun. Hitzaldiak, tailerrak, kontzertuak... iragarri dituzte.

Oroimen historikoaren aldeko ekimen ikusgarria antolatzen ari da, bestalde, Usurbil 1936 elkartea, Baterajotzearen osteko astebururako; urriaren 21erako hain zuzen. "Andatza mendiko defentsa-lerroa" ibilbide antzeztua prestatzen ari dira. "Ibilbidearen helburua Usurbilen eta Andatza mendian 1936ko gerraren inguruan jazotako zenbait gertaerez–batik bat abuztu bukaera eta iraila erdialdera artekoak–informatzea, testuinguru historikoa azaltzea eta 2022-2023an egindako lan arkeologikoaren ostean berreskuratutako lubakiak erakustea da".

Egun berean ospatuko dira afari girotu baten bueltan Txokoalde Eguna eta Aginagako eskolak ere urteroko festa eguna iragarri du. Biharamunean, urriaren 22an, beste bi ekintza; goiz partean, tipi-tapa eskualdeeko bideetan barneratzeko aukera izango dugu Buruntzaldeko Ibilbideen 15. Egunari esker. Arratsaldean , Joan Mari Torrealdai bekari esker sortutako "Artxibo biluzia" antzezlana ezagutzeko aukera izango da Sutegiko auditorioan.

"Haurren aurrean helduak heldu"
Aurreko egunetan, urriaren 17an udal liburutegia udazkeneko zikloan murgilduko da. Hilabete honetarako bi hitzordu iragarri ditu; Nerea Ibarzabal Salegiren "Bar Gloria" liburuari buruzko solasaldia egilearekin berarekin eta "Enperadorearen Kondaira" itzalen ikuskizuna hilaren 24an.

Helduen artean euskararen erabilera sustatu eta haurrekiko hizkuntza eredugarritasuna bultzatzeko "Haurren aurrean helduak heldu" Euskal Herri mailako ariketa sozialak ere Usurbilen bere islada izango du urriaren 19tik 29ra, Udarregi ikastolako guraso talde baten eskutik. Besteak beste, euskal mitologian oinarrituriko jolas kooperatiboak edota euskarazko liburuen truke azoka antolatu dute hilaren 20rako eta 27rako hurrenez hurren.

Booktegiren jaialdia
Hilabetearen azken txanpan, euskarazko literatura sarean guztion eskura jartzen diharduen Booktegi egitasmoaren jaialdia ospatuko da Usurbilen, iaz bezala. Poesia irakurraldia, solasaldiak, ikuskizun eta kontzertuak tartekatuko ditu zikloak urriaren 28an.

Asteburuetan, gainera, kaleetan ditugun kultur altxorrez gehiago ikasteko aukera izango dugu, 650 Usurbil Bizi egitasmoaren baitan antolaturiko Usurbil Museo Irekia ekimenaren bidez. Asteburu honetan, larunbat eta igandez. Hurrengo asteetan, igandeetan soilik.

Hilero izaten ditugun deialdi gehiago urriko azken ostiral eta larunbatean; Sareren mobilizazioa eta kantu-jira hurrenez hurren.

Egunez eguneko eskaintzaren berri web orrialde honetako "Agenda" atalean aurkituko duzue. Beharrezkoa den kasuetan, txartelak eskuratzeko, aldiz, usurbilkultura.eus plataformara jo beharko da.