Hilero azken ostegunetan izaten dira udalbatzarrak. Azkena, pasa den astean irailaren 28an izan zen; zenbait kreditu aldaketa eta mozio bozkatu zituzten. Datorrena, hilaren 26an. Horiek ohiko osoko bilkurak izaten dira. Tarteka, ordea, ezohikoak ere deitzen ditu Udalak, eta hauetako hitzordu bat da hain zuzen, ate joka dagoena. Urriaren 10ean ezohiko udalbatzarra izango da.
Bi hizpide hartuko dituzte ahotan udal ordezkariek; batetik, hurrengo urterako, hau da, 2024. urterako Ordenantza Fiskalak; bestetik, belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioa, Txirikorda.
Ordenantza fiskalei dagokienean, hasieraz onartuak izateko proposamena aurkeztuko du udal gobernu taldeak. Aurtengora begira, %1,5 gehitzea onartu zuten iaz, hobari eskaintza zabala herritarren esku jartzearekin batera. Astearte honetan aurkeztuko dituzte urte berrirako ordenantza fiskal hauei buruzko xehetasunak.
Ezohiko osoko bilkura
Ordua: 18:00.
Tokia: Usurbilgo Udaleko udalbatza aretoa.
Gai-zerrenda:
1.- 2024rako Ordenantza Fiskalak hasieraz onartzea.
2.- Hiri Antolamenduko Arau Subsidiarioetako A-59 (Ugartondo) eremuko Barne-Erreformarako Plan Bereziaren Testu bategineko EQ.1 partzelan zuzkidura-alojamenduak egiteko Construcciones Murias S.A. enpresari esleituriko exekuzio obra kontratua suntsitzea.
3.- Galdera-eskaerak.