"Erosle txikien iraultza" abian

Noaua Aldizkaria 2023ko urriaren 10a

Herria pankarta eta kartelez josia dago azken orduotan.

"Erosle txikien iraultzak" herria hartu du. Albiste honi atxikitako argazkiko pankarta bezala, kartelez josi dituzte herriko hormak azken orduotan. Bultza egitea eskatzen diete herrikideei, tokiko merkataritza sustatzea. Txikitasunetik, txikia babestea, ditugun kontsumo ohituretan eragitea, merkataritza ereduan bezala.

Izan ere, nabarmena baita eskualdean, nahiz Gipuzkoako hiriburuaren bueltan merkataritza kate handiak nola hedatu diren azken urteotan. Baita, online bidezko salerosketek hartu duten indarra ere. Azken hauek ere "merkatu jokamolde gero eta basatiagoak erabiltzen dituzten eta gero eta handiagoak diren mundu mailako enpresa multinazionalen esku ari dira geratzen".

"Erosle txikien iraultza" aldarritzat duen ekimenak horri guztiari buruz hausnartu, zer pentsatua eman, eta horrez gain, eragin egin nahi du, egoera aldaraztea sustatu. Hurbilago elkarteak eta herriko dendari txikiek abiarazi duten kanpaina duzue honako hau. Bereziki belaunaldi berriari deia egiten nahi diote, herriko tokiko merkataritza sektorea batu eta aktibatzearekin batera.

Ekimen honen baitan, urriaren 21era arte poltsa berrerabilgarriak, poltsa tolesgarriak, motxilak, biserak, boligrafoak... banatuko dituzte herriko dendariek.