Ostomizatutako pertsonentzako komun bat egokitu dute Urbilen

Erredakzioa 2023ko urr. 11a, 09:24

Ostomizatutako pertsonentzako komun bat egokitu dute Urbilen. Honi esker, euren behar fisiologikoak poltsa batean egin behar dutenek espazio seguru, eroso eta intimo bat izango dute aurrerantzean.

Ostomizatutako Pertsonen Elkarteen Federazioaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan 3.000 pertsona baino gehiago ostomiarekin bizi dira egunero. Horietako 1.000 inguru, Gipuzkoan. Adin guztietakoak dira gaitz hau pairatzen dutenak. "Haientzat, jarduera jakin batzuk egitea, hala nola jatetxe batera joatea, zinemara joatea edo erosketak egitea, kezkagarria izan daiteke ostomia-poltsak hustu edo aldatu behar dituztenean". Hala dio Urbildik igorri duten prentsa-oharrak.

 

"Zerbitzu hau eskaintzen duen Gipuzkoako lehen zentro ez-sanitarioa da”

Maider Sierra Minbiziaren Aurka Gipuzkoan Elkarteko kide da eta eskertuta dago Urbilek egin duen ahaleginarekin. "Martxoan hasi genuen proiektua lantzen. Zerbitzu hau eskaintzen duen Gipuzkoako lehen zentro ez-sanitarioa da”.

Leyre Lobato Urbilgo gerenteak bere aldetik, gutxiengoan dauden kolektiboentzat horrelako ekimenak gauzatzea garrantzitsua dela dio. “Pozgarria da jakitea komun hori egokitzeak onura handia ekar diezaiekeela Urbilera bisitan etortzen diren gipuzkoar ostomizatuei. Lasaitasun handia emango die ohiko jarduerak egiterakoan, hala nola, erosketak egiteko edo zinemara joateko garaian”.

Inaugurazio ekitaldian Minbiziaren Aurka Gipuzkoan Elkartea, Crohn eta Colitis Ulcerosaren Elkartea eta Donostiako Unibertsitate Ospitaleko ostomia unitatearen sustatzaileak elkartu ziren.