Osoko bilkura

2024ko ordenantza fiskalak hasieraz onartu eta Txirikordaren obra kontratua suntsitzea erabaki du udalbatzak

Noaua Aldizkaria 2023ko urr. 10a, 19:25

Datorren urteko ordenantza fiskalei KPIaren %2,9ko gehikuntza aplikatzea erabaki du udalbatzak astearte honetan egin duten ezohiko osoko bilkuran. Bestalde, Ugartondon kokaturiko Txirikorda belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioari lotutako obra kontratua suntsitzea erabaki dute aho batez.

Diru kontuak eta hirigintza gaiak izan dituzte hizpide udal ordezkariek, astearte arratsalde honetan egin berri duten ezohiko osoko bilkuran. Batetik, datorren urterako ordenantza fiskalak hasieraz onartu dituzte. 2022ko abuztutik 2023ko abuztura Gipuzkoan KPIan izan den %2,9ko hazkuntza aplikatzea erabaki dute. Errentaren araberako %50-90 arteko hobarien eskaintza zabalari eutsiko diotela iragarri du baita Usurbilgo EHBilduk. 

Egunotan xehatuko ditugun zenbait aldaketa iragarri ditu udal gobernu taldeak. Ura eta estolderia tasan esaterako, ur zikinen arazketaren kontzeptua txertatuko dute; hondakinen tasaren baitan, EAJ-ren ekarpena, hondakinak isurtzeari lotutakoa. Bestalde, ostalaritza establezimenduetako terrazen inguruko lanketa egitekoak dira eta hori amaitu artean, datorren 2024an KPIaren igoera kasu horretan terrazei ez aplikatzea erabaki dute.


Gainerakoan, aurreko urteen antzera, Kiroldegiko abonuak eta ikastaroak Buruntzaldea mailan adosten dira eta 2024an, %4ko hazkuntza aplikatuko dute. Udajolaseko kuota ere 90 eurotik 105 eurora garestitzea erabaki dute (familia ugarien kasuan 90 eurora arte). Haur Eskolari dagokionean, gogoan izan, aurreko maiatzean udalbatzak hartutako erabakia txertatuko dute 2024ko ordenantza fiskaletan; familiek ordaindu beharreko kuotaren bi herenak Udalak bere gain hartuko ditu. 

Azkenik, energia aprobetxamenduaren bidean egindako obrek Ondasun Higiezinen Zergan %40ko hobaria jasoko dute, inbertsioa eginiko urtean.


Txirikordaren obra kontratuaren suntsipena
Azken 15 urte honetan gisa honetako neurririk ez du hartu Udalak, gaurko ezohiko osoko bilkuran adierazi dutenez. Horregatik nabarmendu du udal gobernu taldeak ezohikoa zela gaur bozkatzera zihoazen neurria; Ugartondon kokaturiko Txirikorda belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioaren obra kontratua suntsitzea erabaki du udalbatzak aho batez. "Arrazoi sendoak" izanda eta horrek bultzatuta erabaki hau hartu beharrean aurkitu direla nabarmendu dute udal gobernu taldetik.

Egunotan xehatuko dugun eta Agurtzane Solaberrieta alkateak emandako azalpenetan agerian geratu den moduan, laburbilduz, kontratu horretan eraikitze lanez arduratu behar zuen Murias enpresak ez du lanak amaitu eta ordaintzeko konpromisoa bete. Lanon zati txikia, udal gobernu taldetik nabarmendu duten moduan, Txirikordako obren %99,99a likidatua baitago. Hainbat hartueman izan ditu Udalak enpresarekin, baina hainbat alditan bere konpromisoa, lanak amaitzekoa beteko zuela hitz eman arren, ez da halakorik gertatu orain arte. Izatez urte hasieran amaituak behar zuten Txirikordako eraikuntza lanek.

Kontratu suntsipen hau onartuta, hamar eguneko alegazioen epea irekiko da orain. Inork ez badu halakorik aurkezten, gaur udalbatzak hartutako neurria behin betiko onartutzat joko da. "Kontratu baten biktima izan gara", nabarmendu du hunkituta Usurbilgo alkateak. 

Berak azaldu duen moduan, kontratu hau suntsitzea ezinbestekoa du Udalak, Udalak berak geratzen diren lanak amaitu ahal izateko.

Gai hauei buruzko xehetasun gehiago, datozen egunotan.

Bozketen emaitzak
- 2024rako Ordenantza Fiskalak hasieraz onartzea.
Bozketa: gehiengo osoz onartua. Alde: EHBildu eta EAJ. Aurka: PSE.

- Hiri Antolamenduko Arau Subsidiarioetako A-59 (Ugartondo) eremuko Barne-Erreformarako Plan Bereziaren Testu bategineko EQ.1 partzelan zuzkidura-alojamenduak egiteko Construcciones Murias S.A. enpresari esleituriko exekuzio obra kontratua suntsitzea.
Bozketa: aho batez onartua.