Osoko bilkura

%2,9ko igoera 2024ko ordenantza fiskaletan

Noaua Aldizkaria 2023ko urr. 11a, 13:42

2024rako ordenantza fiskalak hasieraz onartu zituzten astearte arratsaldean egin zuten ezohiko osoko bilkuran. 

Azken urteotako ildoari jarraiki, Kontsumo Prezioen Indizearen (KPI) igoera aplikatuko die Usurbilgo Udalak 2024ko ordenantza fiskalei; zehazkiago esanda, %2,9ko igoera. Hala erabaki zuten hasieraz astearte arratsaldean eginiko ezohiko osoko bilkuran. Alde bozkatu zuten EHBildu eta EAJ udal taldeetako ordezkariek. PSE-EEko udal ordezkaria aurka agertu zen.

Zerbitzu publiko onenak eskaintzeko
2022ko abuztutik 2023ko abuztura arte KPIak Gipuzkoan izandako bilakaera hartu dute erreferentzia gisa, igoera zehazterakoan. Udal gobernu taldetik gogorarazi dutenez, diru-sarreren ehuneko garrantzitsua jasotzen da urtero, zerga, tasa eta prezio publikoetatik. Helburua da, nabarmendu dutenez, "justizia sozialaren eta trantsizio ekosozialaren zerbitzura jartzea udalaren ahalmenen arabera gure zerga-politika, eta fiskalitate justuago eta berdeago baterako bidean sakontzea. Halaber, helburua ere bada herritarrei ahalik zerbitzu eta eskaintza publikorik onenak eskaintzea, baina zerbitzuen gastu-sarreren finantza oreka ahal dela bermatuz".

Ur zikinen arazketa tasa eta kanona hondakinen isurketagatik
Zenbait aldaketa iragarri dituzte hasieraz onartu berri dituzten ordenantza fiskal hauetan. Batetik, ura eta estolderia tasari dagokionean, igoera orokorrarekin batera, %8ko igoera aplikatuko dute, udal gobernu taldetik azaldu zutenez, Gipuzkoako udalerri gehienetan dagoen kontzeptu berri bat txertatuko dutelako, Loiolako araztegira doazen ur zikinen arazketari lotutako tasa. Datorren urtean, uraren tarifak dituen bi zatietako bati, aldakorrari, "%20a aplikatuko zaio". Urtean 10 euro inguruko fakturen garestitzea eragingo du. Halere, inguruko udalerriekin alderatuta, Usurbilgoak tarifa merkeena izaten segitzen duela adierazi zuten udal gobernu taldetik.

Bigarren aldaketa, hondakinen tasari lotutakoa da, "EAJk eginiko ekarpena" Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietak azaldu zuenez. Hondakinen gaikako bilketari lotutako gastu eta diru-sarrerak orekatzeko , "defizita txikiagotzen joateko" alegia, kanonaren kontzeptua txertatuko da, EAE mailan onarturiko Hondakinen Legeari jarraiki. Kanon hau Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) udalei kobratzen dietela jakinarazi du udal gobernu taldeak. Aurrerantzean, orain arte ez bezala, hondakinak isurtzea kobratu egingo da. Justiziazko kontzeptutzat jotzen du udal gobernu taldeak, "gehiago kutsatzen duenak gehiago ordaintzea". Aurrerantzean, beraz, hondakinak tratatzeagatik soilik ez, "hondakinen isurketagatik ordaindu beharko da". Usurbilek aspalditik, sortzez besteko ordainketa sistema badu, errefusari aplikatzen zaiona eta kanon hau horri erantsiko zaio aurrerantzean. Fakturan, gutxi gorabehera ontzi grisa hilean behin ateratzen duenak, urtean 6 euro inguruko igoera nabarmenduko du.

Terrazak, Kiroldegiko abonu eta ikastaroak, Udajolas, Haur Eskola...
Aldaketa gehiago. Terrazei aplikatzen zaien tasan ez da %2,9ko igoera orokorra aplikatuko. Udal gobernu taldetik iragarri zutenez, covid19ak eragindako osasun krisialdiaren testuinguruan ostalaritza establezimenduen atariko eremuok handitzea baimendu zuen Udalak. Testuinguru hura igarota, sektore honekin gai horri buruzko lanketa bideratzekoa da Udala. Honenbestez, 2024a trantsizio urtetzat jotzen dutenez, lanketa hori amaitu artean, lerrootan mintzagai dugun tarifa bere horretan uztea, igoerarik ez aplikatzea erabaki dute. 

%2,9ko igoera orokorretik salbuetsiak geratuko dira baita urtero moduan, Kiroldegiko abonuak eta ikastaroak. Izan ere, kasuotan, haien prezio publikoak Buruntzaldea mailan adosten dira. 2024rako eskualdeak zerbitzuok %4 garestitzea erabaki dute, batetik, bere kontsumo handiagatik kirol instalakuntzetan eragin handia duen argindarra garestitu delako eta baita langileen lan-baldintza hobetzeak ekarritako gastuei aurre egiteko ere. 

Udajolasen ere gastuak hazi egin direnez, ordaindu beharreko kuotak handitzea onartu da 2024rako, 90 eurotik 105 euroraino (familia ugarien kasuan 90 euro). 

Haur Eskola ere aipatu neurri orokor horretatik kanpo geratuko da baita. Gogoan izan, doakotasunaren bidean, familiek ordaindu beharreko kuoten bi herenak Udalak bere gain hartzea erabaki zuen iragan udaberrian.

EAJ alde, PSE aurka
Oposizioko taldeei dagokienean, "erantzukizun osoz hartutako erabaki" gisa definitu zuen udal gobernu taldearen proposamena EAJren bozeramaile Xabier Otxoak. Bat gin zuen EHBilduk iragarritako KPIaren igoerarekin. 

PSE-ren udal ordezkari Petri Romero proposamenaren aurka agertu zen. "Zerbitzu publikoak mantentzeko eta hobetzeko baliabide publiko sendoak eta nahikoak izatearen garrantzia ulertzen eta partekatzen dugu", adierazi zuen baina EH Bilduk proposatutako igoerak ahalegin handia eskatzen diela herritarrei eta ez dagoela justifikatuta bere ustez. 

"Guretzat ekintza politikoa ez da ulertzen, ez badago jendearen bizitza hobetzera bideratuta, kalitatezko zerbitzu publikoak ematera, justizia sozialean sakontzen dutenak, kalitatezko zerbitzu publikoak beharrezkoagoak baitira gutxien duenarentzat. Aberastasuna birbanatzeko modu bakarra da, eta egoera ahulenetan dauden herritarrei bestela oso zaila izango liezaieke zerbitzuak jasotzeko aukera izatea. Bide horretan  talde sozialista beti aurkituko gaituzue", adierazi zuen.

Ulertezintzat jo zituzten adierazpenok udal gobernu taldetik, harridura agertzeareakin batera, PSEren udal ordezkariaren azken adierazpen hauekin guztiz bat egiten duelako baita EHBilduk. Azkenean, halere, 2024ko ordenantza fiskalak gehiengo osoz onartu ziren EHBilduren eta EAJren babesarekin. PSE aurka agertu zen.