Lanen %99,99a eginda, likidatua. Pentsa, zati txiki bat baino ez da geratzen berez, Txirikorda belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioko obrak amaitzeko, baina bukatu ezinik dira. Inpotentziaz eta hunkituta hitz egin zuen gai honi buruz Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietak astearte arratsaldeko ezohiko osoko bilkuran, lan hauek amaitzeko Udalak duen ezintasunagatik. Minduta agertu zen, herriari eragiten ari zaion mina nabarmendu zuen eta egoera horretan, "ezin dugu ezer egin" adierazi zuen, Udalaren zaurgarritasuna agerian utzi nahi izan zuen. Guztia, hitzartua duten kontratu batengatik. "Kontratu baten biktimak gara", azaldu zuen argiki Solaberrietak atzoko osoko bilkuran gai honi buruz hitza hartu zuenean.
"Arrazoi sendoak"
Txirikordari lotutako exekuzio obra kontraturari buruz ari zen. Udalbatzak aho batez kontratu hau suntsitzea erabaki zuen. Bozkatu aurretik, alkateak berak azaldu zuenez, ezohiko neurria da hartu dutena. "15 urteotan gisa honetako neurririk ez du hartu" herri honetako udaletxeak. Ezohiko erabaki hau hartzeko, ordea, "arrazoi sendoak" dituztela ziurtatu zuen Solaberrietak.
Finean, Ugartondon kokaturiko belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioa eraikitzeko lanez arduratu behar zuen Construcciones Murias S.A. enpresak bere gain hartuak zituen konpromisoak ez dituelako bete, eta ez behin, behin baino gehiagotan, udal gobernu taldetik aditzera eman zutenez.
Udalak ordaindu bai, dirua ordea "ez zen iristen behar zen" tokira
Duela bi urte, 2021eko irailean esleitu zizkieten Txirikorda eraikitzeko obrak Murias enpresari. Belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioko lanak amaitzeko 18 hilabeteko epea finkatu zen esleipen haren oinarrietan eta ia 100.000 euroko bermea "betebeharrak bermatzeko". Ia bi milioi euroko esleipena izanik, bermea beraz, kopuru horren %5a zen. Iazko urte amaieran, lanen %99a likidatua zegoen, Txirikordako obren %1a gauzatzea baino ez zen falta.
Egoera horretan zela, urte hasieran, langileak lanera etortzeari utzi zioten udal gobernu taldearen esanetan. Udalak obragatik zegokiona ordaindu arren, diru kopuru hau "ez zen iristen behar zen enpresetara". Ondorioz, langileak ez ziren zegozkien ordainsariak jasotzen ari. Enpresak beste hainbat obretan zituen zorrak tarteko, langileei ordaindu ezinik zebilen, udal gobernu taldetik atzoko osoko bilkuran azaldu zutenez.
Egoera "oso larritzat" jo zuten egoera hau, enpresa eraikitzailearen ordainketa falta "hainbat enpresen bideragarritasuna eta etorkizuna zalantzan jartzeraino" heldu zen. Tarte horretan, materialen prezioetan izandako garestitzea tarteko, prezioak berrikusi ziren, 136.000 eurotan garestitu zen obraren kostua.
Lanak amaitu ezinik
Urte hasierarako obrek amaitua behar zuten, baina oraindik ez da halakorik gertatu. Ordutik hainbat alditan saiatu da Udala enpresarekin komunikatzen. "Oso zaila" izan dela zioten udal gobernu taldetik Muriasekin hartuemanetan jartzea. "Ezinezkoa izan da komunikazio iraunkor bat izatea". Zenbait bilera egin ahal izan dituzte, "usurbildarren dirua nora joan den" galdetu izan diete, ez zegoela baimendua erantzuteko, horixe enpresaren partetik jasotako erantzuna. "60.000 euroko kostua duten lanak egitea falta zen", baina gaurkoz ezin obrak amaitu.
Azken hilabeteotan zenbait konpromiso hartzera heldu da enpresa eraikitzailea; uztailaren 24rako obra amaituko zuela, irailaren 11rako gero. Baina emandako hitza ez du bete. Eta jada, lanok amaitzeko konpromiso bat hartzeari ere uko egin diola azaldu zuten astearteko osoko bilkuran.
Alegazio epea
Hala, udalbatza izan zenez bere garaian kontratu hau baimendu zuen udal organoa, udalbatzari zegokion testuinguru honetan erabaki bat hartzea. Horregatik guztiagatik, EHBilduk lerrootan behin eta berriz aipatzen ari garen obren exekuzio kontratua suntsitzeko proposamena eraman zuen astearteko osoko bilkurara. Aho batez onartu zuten suntsipen hau. EAJtik bere laguntza eskaini zuten prozesu honi begira, baita gerora ere, obrak amaitzeko.
EHBildutik adierazi dutenez, jakitun dira "bide honek zailtasunak ekar ditzakeela". Baina erabaki bat hartu beharrean aurkitu direla adierazi zuen alkateak, aurrera begira, "beste bide batzuk hartzeko" eta behingoz, Txirikordako lanak amaitu ahal izateko.
Momentuz, udalbatzak Udalak Muriasekin hitzartua zuen obra kontratua suntsitzeari aho bateko onespena eman ostean, alegazioetarako hamar eguneko epea zabalduko da orain. Tarte horretan, inork erreklamaziorik aurkeztuko ez balu, suntsipen hau behin betiko onartutzat joko da.
Kontratu hau suntsitu arte, Udalak ezingo ditu Txirikordako lanak amaitu, hortik atzo alkateak Udalaren zaurgarritasunaz esandakoak.