Datorren urterako, 2024rako hasieraz onartu zituzten ordenantza fiskalak astearteko osoko bilkuran. Bozkatu aurretik, udal gobernu taldeak emandako azalpenen tartean, gogora ekarri zuten, azken urteotan herritarrek eskura duten errentaren araberako %50-90 arteko hobarien eskaintza zabala.
Une honetan, udal gobernu taldeak ezagutarazitako datuen arabera, 200 familia inguru dira hobarion onuradunak Usurbilen. "Gehienak %90eko hobariak jasotzen ari dira", zehaztu zuten astearteko osoko bilkuran.
Energia aprobetxamendua sustatzeko
Hobarien eskaintza honi beste bat eranstea erabaki dute 2024an. Ondasun Higiezinen Zergari aplikatuko diotena hain zuzen. Energia aprobetxamenduari lotutako inbertsioak egiten dituenari, obrak egindako urte horretako zerga horretan %40ko hobaria aplikatuko zaio. Aipatu moduan, inbertsio hori egiten duen urtean soilik.
"Herritarrei zerbitzu eta eskaintza publiko guztietarako sarbidea erraztu eta bermatu nahi zaie, edozein dela ere bere errenta maila, eta modu horretan usurbildarron aukera berdintasuna bermatu. Inor atzean edo bazterrean utzi gabe. Justizia soziala", azaldu zuten udal gobernu taldetik.
Usurbilen erroldatua izatea aski da, hobarietarako sarbidea izateko aukera edukitzeko. "Hobarietarako erreferentzia gisa Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata dugu. Egun 1.080 eurotan dago".