Baterajotzea

Badatorren Baterajotzerako prestaketa lan betean dira

Noaua Aldizkaria 2023ko urr. 12a, 12:32

Euskal Herriko Neska* Gazteek antolaturiko asteburuko topaketa feministarako itxuraldatzen doa herria egunotan.

"Utopiak lehertzeraino!" eramango dituen Baterajotzerako prestatzen ari dira herria. Bihar bertan, urriak 13 hasi eta igandera arte Euskal Herriko Neska* Gazteek antolaturiko Baterajotzea hartuko du Usurbilek, hamaika hitzordurekin; tailerrak, solasaldiak, kontzertuak, azoka, mobilizazioa eta haren osteko ekitaldia, otorduak, kanpaldia...

Ekimen guztiok Usurbilgo erdigunearen bueltan egingo dira. Hala, Dema plazan dagoeneko ikusgai dagoen karpagunea kokatua egongo da. Tailer edota solasaldien gunea izango dira baita Potxoenea, Sutegi, Oiardo kiroldegia... Otorduak Agerialden egingo dituzte eta handik hurbil, ikastolaren eraikin gorriaren atzealdeko zelaia lotarako tokia izango da, kanpaldiaren eremua. Atallu industriagunea, aldiz, topaketa feminista honetan parte hartuko dutenen harrera gunea izango da, autobusen joan-etorrien lekua.

Ehunka neska* gazteren topalekua izango da ostiral arratsaldetik igande arratsaldera udalerri hau. Guneok guztiak baliatu ahal izateko hilabete luzez aritu dira lankidetzan antolakuntza eta Usurbilgo Udala.

Baterajotzea
Egunak:
urriak 13, 14 eta 15.
Tokia: Usurbil.
Izen-ematea eta informazio gehiago: ehkoneskagazteak.eus
Antolatzailea: Euskal Herriko Neska* Gazteak.
Gune nagusiak: Agerialdeko otorduen gunea, frontoia, Dema plazako karpagunea eta Udarregi ikastolako eraikin gorriaren pareko belazea lotarako lekua. Atalluko industriagunea topaketetako parte hartzaileak etorriko diren autobusen geltokia izango da.
Ordu batzuez baliatuko dituzten beste guneak, urriaren 14an bereziki: Askatasuna plaza, Udarregiko plaza borobila, Sutegiko auditorioa, Potxoeneko Urdintxo gela, Kiroldegiko eskubaloi pista eta areto berria...