Baterajotzea

"Azken mezu honekin, eskerrak eman nahiko genituzke"

Noaua Aldizkaria 2023ko urr. 12a, 12:10

Uztailean egin zen herri mailako Baterajotzearen aurkezpen ekitaldia.

Usurbildarrei zuzenduriko mezua plazaratu du Kafe Tertulia Usurbilgo talde feministak, asteburuan herriak hartuko duen Baterajotzearen atarian. Haien mezua eta taldeak NOAUA!ri eskainitako elkarrizketa dituzue lerrootan.

Agur bero bat usurbildar guztioi
Azkenean iritsi da herriko neska gazteek hainbeste itxarondako Baterajotzea! Urte luze batez aritu gara herriarekin elkarlanean, Usurbil Euskal Herriko Neska* Gazteen topaleku bihurtzeko!

Azken mezu honekin, eskerrak eman nahiko genituzke herritar orok egingo dituen ekarpen zein egokitzapenengatik. Dimentsio handiko ekitaldi honek lekua izan dezan, ezinbestekoa den zuen papera errekonozitu nahi dizuegu.

Gure aldetik, guztiok honetatik elika gaitezen, herriaren erabilera arduratsu eta oparoa sustatuko dugula ere ohartarazi nahiko genizueke.

Utopiak lehertzeraino, bidean denok dugu gure roletik dagokigun alea jartzeko aukera, esker maila Usurbil!

Euskal Herriko Neska* Gazteak

__________________________________________________________________________________

"Zentzua ematen dio geure borrokari"
Euskal Herriko Neska* Gazteek antolaturiko Baterajotzea egingo da asteburu honetan Usurbilen. Ehunka kideek parte hartuko dute topaketa feminista honetan. Asteburuko ekimenetan murgiltzeko gogotsu dira Kafe Tertulia, Usurbilgo talde feministako kideak. Baterajotzea abiatzeko prest dira.

Baterajotzerako prest zarete jada?
Azkeneko bilerak egin eta azken xehetasunak lotzen ari gara. Oso gogotsu eta urduri gaude egia esan, ikusteko nola ateratzen den dena. Ardura handia da, muntaia handia da, jende asko egongo gara. Egunotan, muntaketa lanekin ibiliko gara goiz eta arratsaldez.

Euskal Herri mailako ekimena izanik, antolaketa horren baitan Kafe Tertuliak zer eginkizun du? 
Baterajotzea gure herrian izanda, guretzako konpromiso handiagoa da, bada erronka modukoa. Usurbilen egingo denez, dena ondo ateratzea nahi dugu. Eginkizun batzuetan lehentasunak jarri behar izaten ditugu, ez gara iristen batzuetan. 

Hilabeteotako sukalde lana nolakoa izan da?
Azpitaldeak osatu dira; azpiegituren taldea, komunikazioarena, diruzaintza..,… Talde bakoitzean Euskal Herriko jende desberdina dago. Usurbilen bai edo bai esan ziguten azpiegitura taldean egon behar genuela, azkenean, herria guk baino hobeto inork ez du ezagutzen. Horrez gain, talde motorra Udalarekin biltzen da. Haiek Udalarekin eta gurekin hartuemanetan daude. Azken asteotan bilera hauek egiten ari gara eta geureak, Kafe Tertuliakoak.

Egunotan ikusaraziko da zer datorren asteburuan?
Egunotan muntaketa lanekin jardungo dugu, ahal dugunak txandak egiten ariko gara, batera bazkaldu eta afalduko dugu. Laguntza eskatzen ari gara talde desberdinei. Ez gaude gu bakarrik. Herrian Kafe Tertuliakookin batera, gazte asanbladatik, Emakumeen Etxetik... eragile desberdinak parte hartzen ari dira. Haiez gain, kanpotik, Euskal Herriko Neska* Gazteen mugimenduaren baitan dauden talde feministak. 

Nola joango da itxuraldatzen herria? 
Gune zentrala frontoia eta Dema plaza izango dira. Dema plazan karpa handi bat jarriko dute. Aldaketa handiena hori izango da. Ondoan, infogunea izango da baita. Horrez gain, ikastola pareko zelaiaren itxura guztiz aldatuko da, izan ere hor egingo da kanpaldia. Kanpinez beteko da. Beste plaza ere, gune garrantzitsua izango da. Otorduak Agerialden egingo dira. Potxoenea, Sutegi… erabiliko dira baita tailer edota solasaldietarako. Kartelak, pankartak… jarriko dira, baita musika ere.

Zer nabarmendu nahiko zenukete datorren asteburuaz, zer aurkituko du Usurbila datorrenak?
Hitzaldi zentralak izango dira; besteak beste, azaroaren 30eko grebari begirakoa, horri buruz hausnartu eta gure ekarpenak egiteko. Tailerrak gai pila baten inguruan ikasteko baliagarriak izango dira, ezagutu, ideiak partekatu eta hausnartzeko.

Saretzea sustatu nahi da.
Azkenean, asteburu bat denak batera pasako dugu. Horrez gain, geure feminismoaren inguruko jakintza elikatzeko balioko digu. Ondo pasatzeko uneak ere izango dira aisialdiko ekintzekin. Aldarrikapen mobilizazio bat ere egingo da herrian zehar. Mobilizazioan parte hartzera animatu nahi ditugu herrikide guztiak, bai neskak*, mutilak. 

Nori zuzendua dago topaketa hau?
Topaketa neska* gazteentzako dago bideratua. Ekimen guztiak neskentzako* bideratuak egongo dira, gaueko aisialdiko ekintzak ere bai. Baterajotzea eremu ez mistoa izango da.

Zer moduz doa izen-ematea?
Azkeneko asteotan azkartu egin da izen-ematea. Ehunka neska daude apuntatuta, herritik 60 bat. Gure asmoa ere bada herritik neska gehiago animatzea. Dagoeneko, herritik 60 neska biltzea ikaragarria izan da guretzat. Egia esan, ez genuen espero halako erantzuna izatea herrian. Kafe Tertuliako kideontzako bultzada handia izan da. Gainera, whatsapp taldea dugu 60 horiekin. 

Balio izan du zuen artean herri mailan ere saretzeko, beraz.
Bai eta gehiagorengana heldu nahi dugu. Beraz, edozein animatu dadila, ez lotsatu. 

Saretze hau topaketa honetatik haratago doa.
Baterajotzearen helburua bada motibatu eta aurrera begira indartuta ateratzea. Azkeneko Baterajotzetik indartuta atera ginen; halako elkarguneak, topaketak, udalekuak egiten direnean ateratzen zara indar eta gogo gehiagorekin, gero baliatu beharra dagoena. Baterajotzearen ondotik, ea hasten garen Kafe Tertulia gisa martxan jartzen, orain arte asteburukoarekin aritu gara eta. 

Zergatik da baliagarria Baterajotzea?
Halakoetan ikusten duzu, gure borroka ez dela hemen, herrian, egunerokoan egiten duguna bakarrik. Jende pila bat dabil borroka berdinean, leku ezberdinetan gauza piloa egiten da. Hori ikusteak begiak asko irekitzen dizkizu, gure burua ere asko irekitzen da. Aurtengoan, helburuetako bat bada grebaren inguruan hausnartu eta ekarpenak egitea eta, horretarako, bada beharrezkoa halako elkargune bat, baita ere ikusteko feminismoak indarra duela eta ez garela gu herrian biltzen garen neskak bakarrik. Errealitate ezberdinak ikusten ditugu, geure artean asko ikasten dugu, feminismoaren inguruko jakintzan sakontzen dugu eta denen artean indartu egiten gara. Zentzua ematen dio geure borrokari.

Zer harrera egiten ari zaio herria ekimen honi?
Herriaren erantzuna orain arte ona izan da. Ilusioz eta gogoz hartu dute. Jakinminez galdezka ari zaizkigu. Jakinarazi nahi dugu jende asko egongo dela herrian, asteburu honetan. Gu ere konprometitzen gara herria zaintzera, txukun uztera gauzak, lekuak. Ildo horretan, guk herria errespetatu eta zainduko dugun moduan guri ere hala tratatzea nahi dugu. Errespetuaz gain, guri babesa ematea. 

Azaroaren 30eko zaintza eskubide kolektiboaren aldeko grebara begira prestaketa lanak abian dira?
Gu jada hasi gara mugitzen, elkartu gara emakume batzuk honen inguruko lanketa egiteko. Beraz, edonork parte hartu nahi badu gurekin kontaktuan jarri dadila. 

Partaide izan daitekeenari, bereziki herrikideei zer esan Baterajotzearen atarian?
Animatzeko, hau baino aukera hobea ez dute izango, Usurbilen izanda. Hau da unea animatzeko eta apuntatzeko. Zalantzak dituenak ere apunta dadila, ikusteko zer den. Agian gustatu eta motibatzen dio eta jarraitu nahi du borroka honetan, aukera piloa dago. Pertsona oro da garrantzitsua borroka honetan. Kafe Tertulia bezalako talde feminista batean ez egoteak ez du esan nahi ezin duzunik etorri. Are gehiago, gure taldetik kanpoko jendea etortzea nahi dugu. Izan ere, aberasgarria da guretzako. Apuntatu nahi duenak, izena eman lotsarik gabe. Gune segurua da, inork ez die epaituko esandako zerbaitengatik. Denok hasten gara ezjakintasun horrekin, ikasten goaz denok. Guk ere nahiz eta denbora asko aritu militatzen eta gauzak antolatzen, oraindik asko dugu ikasteko. Ez izan beldurrik. Inoiz ez baduzu parte hartu halako ekimen batean edo ez baduzu hausnartu feminismoaz, orain da unea hasteko.