Eguraldiak laguntzen badu behintzat, inoiz bizi gabeko ibilaldi gidatu eta girotuan parte hartzeko aukera izango da urriaren 21ean. 1936ko gerrara eramango gaituen ibilaldi antzeztua antolatzen ari da Usurbilgo oroimen historikoa berreskuratzeko lan itzela egiten ari den Usurbil 1936 elkartea. "Andatza mendiko defentsa-lerroa" ezagutaraziko digun ibilaldi antzeztua izango da. 9:30etan abiatuko da Mikel Laboa plazatik, 14:30ak arte luzatuko dela aurreikusi dute. Partaideei puntalak izatea eskatu diete antolatzaileek.
Helburu hirukoitza izango du ekimenak; batetik, 1936ko abuztuan eta irailean herri honetan jazotakoaz informatzea, gertakari haien testuingurua azaldu eta garai hartako Andatzako lubakiak erakustea. Aipatu moduan, ibilaldi antzeztua izango da. Bidean zehar, hainbat geldialdi egingo dituzte eta hainbat sekuentzia antzeztuko dira, Usurbil 1936 elkartetik azaldu dutenez, "errepublika defendatzen ari zirenenak" izango dira; tartean ziren hainbat herrikide ere. Antzezleen artean herrikideak ikusiko ditugu baita kanpotik etorritakoak ere, zereginotan esperientzia zabala dutenak.
Sasetarekin topaketa
Ibilaldian zehar ezustekoak iragarri ditu antolakuntzak. Tartean, Jose Antonio Agirre lehendakariaren aginduz Andatzako defentsa-lerroa antolatu zuen Kandido Saseta kapitainarekin topaketa antzeztua iragarri dute Usurbil 1936 elkartetik, euririk ez bada. Izan ere, eguraldiaren mende izango da ekitaldia. Euria egiten badu, bertan behera utzi beharko dute aipatu bisita gidatu eta antzeztua. Hilaren 21erako gonbidapenak usurbilkultura.eus plataforman eskura daitezke.
Ekimen berezi honetan parte hartu ahalko duen bisitari kopurua mugatu egin du antolakuntzak, kudeaketa lanak zailduko lirateke bestela. Hitzordu honek duen izaera bereziagatik, bisitariek 14 urtetik gora eduki eta mendian ibiltzeko gai izan beharko dute. Ez dira animaliak onartuko taldean.
"Defentsa leialaren puntu garrantzitsua"
Bisita hauen ostean, datozen hilabeteotan lerrootan mintzagai dugun ibilbidea seinaleztatu asmo du Usurbil 1936 elkarteak. Herri honek duen ondarearen parte gisa aurkeztu nahi dute, 650 Usurbil Bizi egitasmoaren testuinguruan.
Gai honi buruz eta, orohar, 1936ko gerrari buruzko lekukotzak, dokumentazioa eta elkarteak eskuartean dituen egitasmoei lotutako informazio gehiago usurbil1936.eus atarian jaso daiteke; tartean, besteak beste, Andatzako lubakiei buruzko xehetasunak. "Andatza mendia eta haren inguruak defentsa leialaren puntu garrantzitsu bilakatu zituzten 1936ko abuztuaren amaieran. Handik astebete eskasera, dokumentatuta dugu borroka-fronte horretako lehen tiroketa: faxistek Donostia okupatu zutenean, erasoaldia antolatu zuten sektore horretan. Hala, irailaren 15ean, hain justu, demokraziaren aurkako indarrek aurrera egin zuten Andatza menditik gertu zeuden posizioetaraino, eta, hurrengo egunean, gobernuaren azken posizioak hartu zituzten mendi horretan. Mendi garaiera gotortuok menderatuta, ordu gutxiren buruan iritsi ziren faxistak hurbilen zeuden herrietara: Usurbil eta Aginagara", dio usurbil1936.eus atariak.