Baterajotzea

"Jarrai dezagun feminismoan antolatu eta borrokatzen"

Noaua Aldizkaria 2023ko urr. 15a, 10:55

Baterajotzearen baitan, larunbatean eginiko manifestazio jendetsuaren ondotik, Oiardo Kiroldegiko ekitaldian batu ziren ehunka neska* gazte. Auzitan jarri zuten egungo bizi eredua. Bizitza desiragarriarekin baino "distopiarekin zerikusi handiagoa dauka" nabarmendu zuten. Hain zuzen, ziotenez, "azkar eta antsietatez bizi dugu oraina eta etorkizunean pentsatzen igarotzen ditugu orduak; helduak izango garenean zer izango garen, nola biziko garen. Bizi dugun ezegonkortasuna gaztetasunaren ezaugarri bezala ulertu eta izan enprendedore esaten digute eta horrek etorkizuneko bizitza utopikora pausoak ematen laguntzen digula ulertzen dugu; etxe bat, familia, kotxea...".

Baina eredu horrek "prekarizatu egiten gaitu" modu ezberdinetan. Horregatik, "eredu propioak" sortzearen alde egin zuten, "bizitzeko, ikasteko, borrokan eta borroka molde berrietarako, harremantzeko, eztabaida berriak mahaigaineratzeko, gozatzeko, aisialdirako, deskantsurako".

Bide horretan, antolatuak daudela gogorarazi zuten, Usurbilgo Baterajotzeak ere erakutsi duen moduan. "Baina ez dezagun ahaztu bide hori marraztu eta aurrera egiten dutenak geu garela, geure utopietarantz bidea eginda herri eta auzoetan alternatibak sortzen jarraitzea da, aliantza feministak jarraitzea, jaietan gune ez mistoak sortzea, familiako afari batean zure osabari isiltzeko esatea, gazte asanbladako gizonei aurre egitea. Utopiak eraikitzea autodefentsa feminista praktikara eramatea da, gure herrian feminismoz nola eraldatu pentsatzea, eta bai, utopiak eraikitzea, asteburu honetan Usurbilen 800 feminista gaztetik gora elkartzea da. Azaroaren 30ean egingo den greba feminista orokorra, gaztetasunetik pentsatu eta antolatzea ere", adierazi zuten bertaraturikoen txalo artean.

Ate joka datorren azaroaren 30eko zaintza eskubide kolektiboaren aldeko greba orokorrarekin bat egin zuten aipatu moduan. Etorkizunerako bidea, "ez da erraza izango baina badugu norabidea eta geu gara lanabes. Jarrai dezagun feminismoan antolatu eta borrokatzen, gora borroka feminista!", aldarrikatuz amaitu zuten Oiardo kiroldegiko agerraldia.