60-100 kilometro orduko haize boladengatik abisu horian gaur gauean

Noaua Aldizkaria 2023ko urriaren 17a

Mendi inguruetan 100 kilometro ordutik gorako haize boladak izan daitezke gaur gauean, haizeguneak ez diren tokietan 60-80 kilometro orduko abiadurakoak. Horregatik, abisu horia ezarri dute astearte gau honetarako.

Astearte gau haizetsua izango dugula ohartarazi du Euskalmet meteorologia agentziak. Horregatik, astearte gau honetan 21:00etan hasi eta asteazken goizeko 9:00ak arte abisu horia ezarri dute. "Hego-osagaiko haize-boladek 100 km/h-ko abiadura gaindi dezakete haizeguneetan, bereziki mendi inguruetan. Bestalde, haizeguneak ez diren lekuetan, haize-boladak 60-80 km/h ingurukoak izan daitezke, bereziki mendebaldeko eta ekialdeko muturretan", ohartarazi du Euskalmet-ek.

Gauera arte, datozen orduotan Usurbilen, "zerua tarteka hodeitsu egongo da. Hego-haizea ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperatura gutxi edo nahikoa igoko da". Asteazkenean, "hodeiak eta ostarteak" izango ditugu. "Goizean goiz euria egin lezake. Hego-haize bizia ibiliko da, bolada gogorrekin; arratsaldean mendebaldeko haizea ibiliko da tarteka. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez, maximoak gutxi edo nahikoa jaitsiko dira", Euskalmet-en arabera.

Ostegunean, "zerua oso hodeitsu egongo da; egunaren erdialdeko orduetan ostarteak irekiko dira. Euri txikia egin dezake, bereziki egunaren bigarren partean eta orduan zenbait lekutan ertaina izan daiteke. Hego-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin eta oso gogorrekin. Tenperatura gutxi jaitsiko da".

Informazio eguneratua euskalmet.eus atarian jaso dezakezue.