"Haurren aurrean, helduok heldu"

Haurren aurrean helduek euskaraz aritzea sustatzeko ariketa soziala abiatzera doa

Noaua Aldizkaria 2023ko urr. 18a, 11:57

NOAUA! kide duen Euskaltzaleen Topaguneak antolatuta, ostegun honetan bertan abiatuko da "Haurren aurrean, helduok heldu" ekimenaren bigarren edizioa, helduen euskararen erabileran eragin eta haurrekiko hizkuntza eredugarritasuna bultzatzeko. Urriaren 19an hasi eta 29ra arte luzatuko da. 

Parkeetan, plazan, ikastetxe atarietan, etxean... Gune hauek eta bururatzen zaizkizuen gehiago izan daitezke aproposak, datozen hamar egunotan egingo den ariketa sozialerako. Euskaltzaleen Topaguneak "Haurren aurrean, helduok heldu" ekimena antolatu du Euskal Herri luze zabalean, urriaren 19an hasi eta hilaren 29ra arte. 

Helburu bikoitza du egitasmoak; euskararen erabileran eragitea eta haurrekiko hizkuntza eredugarritasuna sustatzea. Ekimen hau, haurrak eta gurasoak elkartzen diren topalekuetan bideratu nahi da; albiste honen hasieran, aipatu moduan, ingurune informaletan (parkeak, plaza, ikastetxe atariak...). Bideratu beharreko konpromisoa, euskara ahotan hartzea. 

Euskaltzaleen Topagunetik nabarmendu dutenez, "0-12 urte bitarteko umeekin harreman zuzena duten eta hizkuntza transmisioan zein eredugarritasunean eragina duten helduak dira ariketako xede taldea: gurasoak zein zaintza lanetan aritzen diren bestelako senide eta herritarrak".

Lehen hitza euskaraz
Ariketa sozial honen parte hartzaile izanez gero kontuan hartu; batetik, "euskaraz ondo moldatzen ez bazara, lehen hitza euskaraz egin, euskara ulertzen dutenei" eta ulertzen dutenekin euskarari eutsi baita haiek erdarara jotzen badute ere; aldiz, euskara ulertu bai baina mintzatzeko zailtasunak izanez gero, "gonbidatu zure ingurukoak euskaraz aritu edota jarraitu dezaten zurekin". 

Euskara erabiltzeko konpromiso ofizial hau hamar egunekoa izango da, ostegun honetan, urriaren 19an hasi eta hilaren 29ra arte. Halere, erronka honi eutsi eta gerora ere segida ematea da bultzatu nahi dena noski.

Horregatik helduei erreferente eta eredugarri izatea eskatzen zaie. "Etorkizunean euskaraz ariko diren haurrak nahi ditugu. Zer ikusi, hura ikasi. Erreferenteak izan. Ume eta gaztetxoak euskaraz normaltasunez aritu daitezen, erabili dezagun euskara".

Euskara ahotan hartzeaz gain, euskararekiko jarrera aktiboa izateaz ari gara. "Helduoi begira, ikusi eta ikasi dezatela euskaraz jardutea ohikoa dela. Haurrek euren ingurukoek hitz egiten duten modutik ikasten dute hizkuntza eta hizkuntza hori nola erabili; norekin bai, norekin ez, noiz bai, noiz ez... Izan gaitezen umeentzako eredu. Haurrei euskaraz egiteko eskatzen badiegu, saiatuko gara helduon artean ere euskaraz egiten. Haurren haurrean helduok heldu, urriaren 19tik 29ra".