Helduen artean euskararen erabilera eta haurren aurrean hizkuntza eredugarritasuna sustatzeko Euskaltzaleen Topaguneak antolaturiko "Haurren aurrean, helduok heldu" ekimena abiatzera doa ostegunean, urriaren 19an. Hilaren 29ra arte iraungo duen ekimena Euskal Herriko hainbat txokotan bideratuko da, baita Usurbilen ere, Udarregi ikastolaren eta Usurbilgo Udalaren eskutik.
Udarregi ikastolan bada Hizkuntza Proiektua (HIZPRO) taldea eta handik, HH eta LH 3. maila arteko hogeita hamarreko guraso taldea osatu dute ekimen honetan "xaxatzaile" lanak egiteko. Beraiek ostegun honetan bertan abiatuko den hamar eguneko egitasmo honen parte hartzaile izateaz gain, haien inguruan ekimen honen berri eman eta bat egiteko eragiten jardungo dute. "Ekimenak helduak eredu izatea sustatu nahi du bai erabileran, baita jarreran ere, saiakeran. Ariketa hau hizkuntzaren aurrean helduok hartzen dugun jarrera ere zer garrantzitsua den jabetzeko da batez ere", azaldu dio NOAUA!ri HIZPRO taldetik.
Bestalde, bi ekimen ere antolatu dituzte baita datozen bi ostiraletarako; jolaserako gonbita egin dute etzirako, hilaren 27rako. Txokolate janarekin batera, euskal mitologian inspiratutako jolas kooperatiboak antolatu dituzte. Jokai konpainiarenak dira jolas hauek. "Jokaik, jolas inklusibo, autonomo, sortzaile eta kooperatiboari balioa ematen dio, gailu elektronikoek jolasteko eta erlazionatzeko modua bereganatzen duten garaiotan, belaunaldien arteko harremanak sustatuz".
Bestalde, euskarazko liburuen truke azoka iragarri dute Agerialden hilaren 27rako.
"Haurren aurrean, helduok heldu"
Udarregi ikastolaren HIZPRO taldeak bi ekintza antolatu ditu Udalarekin ariketa sozial honek iraun artean.
Urriak 20, ostirala
17:00etan hasita, Mikel Laboa plazan, "Jokai euskal mitologian inspiratutako jolas kooperatiboak eta txokolate jatea".
Urriak 27, ostirala
16:30etan hasita, euskarazko liburuen truke azoka Agerialden.
Antolatzaileak: Udarregi ikastola eta Usurbilgo Udala.