"Haurren aurrean, helduok heldu"

Herrian bertan sortutako irudi eta mezu propioa izango du helduen ariketa sozialak

Noaua Aldizkaria 2023ko urr. 18a, 11:39

Irudi eta mezu propioa sortu du Udarregi ikastolako familia batek, Euskaltzaleen Topaguneak urriaren 19tik 29ra antolatu duen "Haurren aurrean, helduok heldu" ekimenerako.

"Ari eta ari, ez eten hari! Hark niri, nik zuri, euskara opari". Ander Zuloaga herrikidearen hitzak dira honako hauek. Hitz hauei ondoko argazkiko irudia sortu dio semearekin ageri den Carola Giraudok. Usurbilgo familia honek jarri dio hitza eta iruditeria, urriaren 19tik 29ra "Haurren aurrean, helduok heldu" NOAUA! kide duen Euskaltzaleen Topaguneak antolatu duen Euskal Herri mailako Usurbilgo ekimenari. Modu horretan, bereganatu du Usurbilek, helduen artean euskararen erabileran eragin eta "umeekiko hizkuntza eredugarritasuna" bultzatzea xede duen egitasmo hau. 

Udarregi ikastola barruko HH eta LH 3. maila arteko haur eta gaztetxoen 30eko guraso taldea osatu dute. Xaxatzaile lanak egingo dituzte haien inguruan, ariketa sozial honek iraun artean. Haietako bat da hain zuzen, Carola, ekimen honen irudiaren sortzailea. Berari egitasmo honetan parte hartzea proposatu zionean, "berehala esan zidan, baina nik ez dakit euskaraz ondo. Aldiz, helburua ez da hori. Eredugarria da, etorkin eta euskaldun berri gisa eta egiten duen saiakera horregatik guztiagatik oso aproposa", dio HIZPROko kideak.

Aipatu moduan, Giraudok parte hartzeko baiezkoa eman zuen. "Ez dago dena egina", gogorararazi digu. Bere esperientzia pertsonaletik, euskaraz ahalduntzen ari den honetan, argi dio, "beti bizi izan dut barneratzen ari naizen hizkuntza eta kultura hau opari gisa. Inoiz ez diot utziko naizena izateari, baina, azkenean, nik neure buruari gehitzen diodan zerbait da. Beti hartu izan dut positiboki euskara ikastea". Eta horretara dator, Giraudok sortu duen bihotza, haria eta H hizkiak daramatzan irudia. "Maitasunetik belaunaldiz belaunaldi transmititu den etenik gabeko haria", bere esanetan, "hizkuntza bat ikastearen beharretik haratago doana". Oparia. Udarregi ikastolako HIZPRO taldeko kideak gaineratu duenez, "haurrak eta helduak lotzen dituen arren, datorren edonori lotzen dion haria". Ander Zuloagak sortu duen mezua ere ildo beretik doa. "Haria ez da eten, maite gintuztelako eman ziguten oparia, maite ditugulako emango diegu, seme-alabei, ilobei, bilobei, lagunei... Helduak heldu haurren aurrean".