Oraindik ere agurtu ezinean garen uda giroko udazkenean gara eta urte garai honetan antolatu ohi duen zikloa abiarazi du Sutegi udal liburutegiak. Astearte honetan egin dute "Udazkena Liburutegian" estreinako ekitaldia; Nerea Ibarzabal Salegiren "Bar Gloria" liburuari lotutako solasaldia hain zuzen, egilea bertan zela. "70-80. hamarkadan girotua, Lopetegitarrak (+ Miguel) tabernako lanetan lotuta ezagutuko ditugu, esan/aitortu gabeko kontu asko tartean, eta idi-burua dena "ikusentzuten"... Inkomunikazioa, bortxa, lana, alkohola e.a.; gai gogorrak, modu eder eta (oso) zinematografikoan kontatuak. Mila esker #NereaIbarzabal, zure eskuzabaltasunagatik; eskerrak ere solasaldira gerturatu zareten guztioi (ez gutxi!)", adierazi dute liburutegitik.
Hurrengo hitzordua, astebete barru, urriaren 24an; Patata Tropikala taldekoen itzalen ikuskizuna.
"Udazkena Liburutegian"
Urriak 24, asteartea
18:00 "Enperadorearen Kondaira" ikuskizuna.
Tokia: Sutegiko auditorioa.
Zehaztasunak: "Kondairak dio aintzineko Txinan, K.A. II. mendearen bukaeran, Wu-ti enperadoreak, Wang izeneko bere maitalea galdu zuela heriotzak eramanda. Enperadoreak asko maite zuen eta orduan tristurarik handienean erori zen. Negar eta negar egiten zuen eta egunero bere malko bat lurrera erortzen zen. Gauak eta egunak igarotzen ziren eta ez inork ez ezerk ez zuen Enperadorea pozten. Egun batean, gortean erabaki zuten Wu-ti Enperadoreari poztasuna itzultzea. Horrela jaiotzen da Itzalen antzerkia, itzalak maitatutako pertsonak bizitzara bueltatzeko ahalmena dutelarik, kontatutako kondairekin".
Sarrera: doan.
Antolatzailea: Sutegi udal liburutegia.