Haizeagatik alerta laranja ezarri dute ostiralerako

Noaua Aldizkaria 2023ko urr. 19a, 08:49

Ostiralean haizeguneetan 10:00-15:00 artean alerta laranjan izango direla ohartarazi du Euskalmet meteorologia agentziak. Orduko 120 kilometrotik gorako haize boladak izan ditzakegu.

"Aline" izeneko denboralea datorkigu datozen orduotan, haize bolada gogorrekin gainera. Ostegun gauerdi honetan hasi eta ostiral arratsaldeko 18:00ak arte abisu edo alertaren baten eraginpean izango gara; abisu horian hain zuzen, denbora tarte horretan guztian zehar. "Mendebal-osagaiko haize-boladek 100 km/h-ko abiadura gaindi dezake haizeguneetan. Egunaren lehen partean hego-mendebaldeko haizea nagusituko da eta bolada gogorrenak mendi inguruetan izango dira. Arratsaldean mendebal/ipar-mendebaldeko haizea nagusituko da eta orduan bolada gogorrenak kostaldean neurtuko dira".

Haizeguneak ez diren tokietan, aldiz, abisu horian izango dira 6:00-15:00 artean. "Mendebal-osagaiko haize-boladek 80 km/h-ko abiadura gaindi dezake haizeguneak ez diren lekutan. Goizean hego-mendebaldeko haizea nagusituko da eta bolada gogorrenak barnealdean izango dira. Eguerdi partean haizeak mendebal/ipar-mendebaldera egingo du eta orduan bolada gogorrenak kostaldetik gertuen dauden lekuetan neurtuko dira".

Euria ere bai
Adi, ordea, ostiral goizeko 10:00etan hasi eta arratsaldeko 15:00ak arte haizeguneetan alerta laranja ezarri dute. "Mendebaldeko haize-boladek 110-120 km/h-ko abiadura gaindi dezake haizeguneetan, bereziki kostaldeko lekurik haizetsuenetan eta itsasoan".

Giro honekin, ostegun honetan, urriaren 19an Usurbilen, "zerua oso hodeitsu egongo da; egunaren erdialdeko orduetan ostarteak irekiko dira. Euri txikia egin dezake, bereziki egunaren bigarren partean eta orduan zenbait lekutan ertaina izan daiteke. Hego-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin eta oso gogorrekin. Tenperatura gutxi jaitsiko da".

Bihar, hilak 20, "zerua oso hodeitsu egongo da. Euri txiki-ertaina egingo du. Mendebal-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin eta oso gogorrekin. Tenperatura jaitsi egingo da: gutxi edo nahikoa minimoak eta nabarmen edo asko maximoak".

Etzi, larunbata, "zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da. Zaparrada txikiak botako ditu, zenbait lekutan ertainak. Mendebal-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da, arratsaldean ipar-mendebaldeko nagusi izanik; egunaren lehen partean haize-bolada gogorrak izango dira. Tenperatura minimoak gutxi jaitsiko dira eta maximoetan aldaketarik ez".

Informazio gehiago, euskalmet.eus atarian.