Aurrerantzean, hiru eremu bereiztuko dira Usurbigo udaletxean: herritarrak, lurraldea eta antolaketa. Udal antolaketa berria aurkeztu eta legealdiko herri-erronkak azaltzeko asmoz, ekitaldi bat egingo da urriaren 27an Mikel Laboa plazan.
Lau erronka nagusiak
Datozen urteetan, lau misio hauek izango dira udalaren jarduna markatuko dutenak:
• Udala herritarrengandik gertu.
• Trantsizio ekosoziala.
• Zaintza.
• 650 Usurbil Bizi.
Legealdi berria, funtzionamendu berria
Esan bezala, legealdi berriarekin batera, funtzionamendu berria jarri da martxan udalean. Herritarrak, lurraldea eta antolaketa izango dira hiru ardatz nagusiak. Hiru eremu horietan lan egiteari gehituko zaio, orain, misioen ezartzea. "Misio bakoitzak bere helburu propioak izango ditu, neurgarriak izango direnak", udal iturriek aditzera eman dutenez.
Gizartearen erronkei heltzeko bokazioa
Misioen araberako udal antolamenduak egungo gizartearen erronkei heltzeko bokazioa duela diote udal iturriek. "Administrazioak, bere kabuz, nekez egin diezaieke aurre, eta horren ordez, beste eragile pribatuekin eta komunitarioekin lankidetzan aritzea beharrezkotzat jotzen du: horrek balio behar luke politika publikoetan erabakiak beste era batera hartzeko eta, batik bat, bakoitzak bere esparrutik erronka horietan eragin ahal izateko".
Lan egiteko modu berri bat
Misioek norabide bat definitzen dute, "batzen gaituen norabide partekatua. Baina norabide horrek egiteko modu bat ere badakar berarekin, herritarrekin lan egiteko modu bat". Horregatik, Usurbilen gobernantza eredu berri bat eraikitzeko asmoa du udalak, horretarako dagokion prozesua abiatuz herritar eta eragileekin. "Urrats garrantzitsua eman nahi dugu", diote udal iturriek, "orain artean Usurbilen egin den lan sendoaren jarraipena ekarriko duena".
Herri aurkezpena
Udaletxe mailako funtzionamendu berria eta herri-erronkak azaltzeko xedez, ekitaldi bat iragarri dute. Urriaren 27an izango da, ostiralarekin, arratsaldeko 18:00etan Mikel Laboa plazan. Euria bada, Zumarte musika eskolako ganbaran egingo da aurkezpena.