Enegarren erasoa euskarari, geure hizkuntzaren aurkako bigarren epaia bi eguneko tartean

Noaua Aldizkaria 2023ko urr. 19a, 19:18

Oraingoan PPk aurkeztua zuen helegite baten harira, euskararen erabilera sustatzea bermatzen duen EAEko udal legearen artikulu gehiago baliogatu ditu behin-behinean EAEko Auzitegi Nagusiak.

Euskararen aurkako enegarren erasoa, 48 orduko tartean bigarrena, hedabideak berri ematen ari direnez. Euskararen erabilera udaletan sustatzea bermatzen duen 179/2019 dekretuko (azaroaren 19koa, Euskadiko toki-erakundeen hizkuntza ofizialen erabilera instituzionala eta administratiboa normalizatzeari buruzkoa) artikulu gehiago baliogabetu ditu behin behinean EAEko Auzitegi Nagusiak PPk aurkeztua zuen helegitearen harira. Oraingoan, 18.1, 18.2 eta 33.5 artikuluak. 30 eguneko epea egongo da erabaki honen aurkako helegitea aurkezteko Espainiako Auzitegi Gorenean.

Asteartean, bestalde, gogoan izan, 18., 24., 27. eta 36. artikuluak partzialki, hamabigarrena osorik, 9.2 artikulua eta hamaikagarrengoaren lehenengo atala ere baliogabetu zituen behin behinean EAEko Auzitegi Nagusiak. Uztailean, gainera, Espainiako Konstituzio Auzitegiak ere 9.2 artikulua baliogabetu zuen.

Orain arte baliogabeturiko artikuluak
Udaz geroztik, segidan datozen artikuluak osorik baliogabetu dituzte. 18, 24, 27 eta 36 artikuluen zenbait atal ere bai, Usurbilgo udalerria kide duen Udalerri Euskaldunen Mankomunitatetik (UEMA) ohartarazi dutenez. "filtrazioak horiek zein diren zehaztu ez duen arren".


9.2. artikulua:
"Hizkuntza-plangintzaren helburua izango da udal-jarduketak euskaraz egin ahal izatea. Horretarako, neurriak hartuko dira udalek euskaraz funtziona dezaten; bereziki, euskararen arnasguneetan".


11. artikuluko 1. atala:
"Hizkuntza-arloko udal-eskumen propioa oinarri hartuta, udalek, dekretu honen esparruan eta bakoitzaren egoera soziolinguistikoaren arabera, honako alderdi hauek aztertuko dituzte, besteak beste:
a-Udal-gobernuaren organoen barne-funtzionamenduan, hizkuntza ofizialak ahoz eta idatziz erabiltzeko irizpideak.
b-Udal-zerbitzuen barne-funtzionamenduan, hizkuntza ofizialak ahoz eta idatziz erabiltzeko irizpideak.
c-Herritarrekiko eta beste erakunde batzuekiko ahozko eta idatzizko harremanetan euskarak zer leku behar duen.
d-Dokumentu estandarizatuen hizkuntza-formatua.
e-Ekitaldi publikoetan euskarak zer leku behar duen.
f-Hizkuntzak nola erabiliko diren beste administrazio batzuekiko harremanetan.
g-Argitalpenetan euskarak zer leku behar duen.
h-Euskara, hizkuntza-paisaian eta errotuluetan.
i-Itzulpenak eta interpretazioak egiteko irizpideak.
j-Sustapen-lanean erabili beharreko hizkuntza-irizpideak, dirulaguntzen xede diren jardueren helburuak eta ezaugarriak kontuan hartuta.
k-Administrazio-kontratazioan erabili behar diren hizkuntza-irizpideak.
l-Iragarkietan, publizitatean eta publizitate-kanpainetan bete behar diren hizkuntza-irizpideak."

12. artikulua:
"Hizkuntza ofizialen erabileraren arauketa eta plangintza: Euskadiko toki-entitateek eta Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateek, beren egoera soziolinguistikoa kontuan hartuta, tokiko jardueretan euskara zerbitzu-hizkuntza eta lan-hizkuntza gisa orokorrean eta normaltasunez erabiltzeko modua antolatu eta arautuko dute, jarraian ageri diren artikuluetan jasotako irizpideekin bat etorrita".

18. artikulua
Dokumentazioa:
1-Toki-entitateetako organoen deialdiak, gai-zerrendak, mozioak, boto partikularrak, erabaki-proposamenak, informazio-batzordeen irizpenak, akordioak, aktak eta gainerako udal-dokumentuak euskaraz idatzi ahal izango dira, toki-entitate bakoitzak onartu duen araudian ezarritakoarekin bat etorrita. Dokumentuak euskaraz edo gaztelaniaz idazteak toki-entitateko kideren baten eskubideak kaltetzen baditu eta kide horrek legez eta era baliodunean alegatu badezake ez duela ulertzen dokumentuen hizkuntza, beste hizkuntza ofizialean itzulita emango zaizkio.
2-Udalaren barne-dokumentazioa hizkuntza ofizial batean edo bestean euskaraz edo gaztelaniaz sortuko da. Halere, geroago, interesdunei jakinarazpenak eta komunikazioak egitean kontuan hartu beharreko hizkuntza-irizpideak aplikatuko dira.


33.5 artikulua:
1-Dibulgazio- edo informazio-komunikazioetan zer hizkuntza erabili erabakitzeko, kontuan hartuko da hartzaileek hizkuntza biak zenbateraino menderatzen dituzten."

Udal araudi honen edukia osorik esteka honetan irakur dezakezue: 179/2019 Dekretua