"Haurren aurrean, helduok heldu"

Euskal mitologian oinarrituriko jolasak eta askaria gaur

Noaua Aldizkaria 2023ko urr. 20a, 07:00

"Haurren aurrean, helduok heldu "Haurren aurrean, helduok heldu" ekimenaren baitan jolasean igarotzeko arratsaldea izango da gaurkoa Usurbilen.

Abian da atzotik, Euskaltzaleen Topaguneak antolaturiko "Haurren aurrean, helduok heldu" ekimena Euskal Herri luze zabalean, urriaren 29ra arte. Helburu bikoitza du egitasmoak; euskararen erabileran eragitea eta haurrekiko hizkuntza eredugarritasuna sustatzea. Ekimen hau, haurrak eta gurasoak elkartzen diren topalekuetan bideratu nahi da; ingurune informaletan (parkeak, plaza, ikastetxe atariak...). Bideratu beharreko konpromisoa, euskara ahotan hartzea. 

Hilaren 29ra arte iraungo duen ekimena Euskal Herriko hainbat txokotan bideratuko da, baita Usurbilen ere, Udarregi ikastolaren eta Usurbilgo Udalaren eskutik. Udarregi ikastolan bada Hizkuntza Proiektua (HIZPRO) taldea eta handik, HH eta LH 3. maila arteko hogeita hamarreko guraso taldea osatu dute ekimen honetan "xaxatzaile" lanak egiteko. Haiek egitasmo honen parte hartzaile izateaz gain, haien inguruan ekimen honen berri eman eta bat egiteko eragiten jardungo dute. 

Udarregi ikastolaren HIZPRO taldeak bi ekintza antolatu ditu ariketa sozial honek iraun artean.

Urriak 20, ostirala
17:00etan hasita, Mikel Laboa plazan, "Jokai euskal mitologian inspiratutako jolas kooperatiboak eta txokolate jatea". 

Urriak 27, ostirala
16:30etan hasita, euskarazko liburuen truke azoka Agerialden.

Antolatzaileak: Udarregi ikastola eta Usurbilgo Udala.



Parte hartzeko...
Ariketa sozial honen parte hartzaile izanez gero kontuan hartu; batetik, "euskaraz ondo moldatzen ez bazara, lehen hitza euskaraz egin, euskara ulertzen dutenei" eta ulertzen dutenekin euskarari eutsi baita haiek erdarara jotzen badute ere; aldiz, euskara ulertu bai baina mintzatzeko zailtasunak izanez gero, "gonbidatu zure ingurukoak euskaraz aritu edota jarraitu dezaten zurekin". 

Euskara erabiltzeko konpromiso ofizial hau urriaren 29ra artekoa izango da. Halere, erronka honi eutsi eta gerora ere segida ematea da bultzatu nahi dena noski.

Horregatik, helduei erreferente eta eredugarri izatea eskatzen zaie. "Etorkizunean euskaraz ariko diren haurrak nahi ditugu. Zer ikusi, hura ikasi. Erreferenteak izan. Ume eta gaztetxoak euskaraz normaltasunez aritu daitezen, erabili dezagun euskara".

Euskara ahotan hartzeaz gain, euskararekiko jarrera aktiboa izateaz ari gara. "Helduoi begira, ikusi eta ikasi dezatela euskaraz jardutea ohikoa dela. Haurrek euren ingurukoek hitz egiten duten modutik ikasten dute hizkuntza eta hizkuntza hori nola erabili; norekin bai, norekin ez, noiz bai, noiz ez... Izan gaitezen umeentzako eredu. Haurrei euskaraz egiteko eskatzen badiegu, saiatuko gara helduon artean ere euskaraz egiten. Haurren haurrean helduok heldu, urriaren 19tik 29ra".