Haizeak gogor jo dezake datozen orduotan. "Aline" izeneko denboralea gain-gainean izango dugu ostiral honetan, urriaren 20an. Denborale horrek aipatu 120 kilometro orduko abiadura gaindi dezaketen haize boladak ekar ditzake. Horregatik, alerta laranjan izango gara goizeko 10:00etan hasi eta arratsaldeko 15:00ak arte. "Mendebaldeko haize-boladek 110-120 km/h-ko abiadura gaindi dezake haizeguneetan", ohartarazi du Euskalmet meteorologia agentziak.
Gauerdiaz geroztik abisu horian gara haizeagatik. Haizeguneetan arratsaldeko 18:00ak arte indarrean izango da abisu hau. "Mendebal-osagaiko haize-boladek 100 km/h-ko abiadura gaindi dezake haizeguneetan. Egunaren lehen partean hego-mendebaldeko haizea nagusituko da eta bolada gogorrenak mendi inguruetan izango dira. Arratsaldean mendebal/ipar-mendebaldeko haizea nagusituko da eta orduan bolada gogorrenak kostaldean neurtuko dira".
Haizeguneak ez diren tokietan ere abisu horia indarrean da goizaldeko 6:00etatik eta hala segiko du 15:00ak arte. "Mendebal-osagaiko haize-boladek 80 km/h-ko abiadura gaindi dezake haizeguneak ez diren lekutan. Goizean hego-mendebaldeko haizea nagusituko da eta bolada gogorrenak barnealdean izango dira. Eguerdi partean haizeak mendebal/ipar-mendebaldera egingo du eta orduan bolada gogorrenak kostaldetik gertuen dauden lekuetan neurtuko dira", ohartarazi du Euskalmet-ek.
Giro honekin, gaur (hilak 20) Usurbilen, "zerua oso hodeitsu egongo da. Euri txiki-ertaina egingo du. Mendebal-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin eta oso gogorrekin. Tenperatura jaitsi egingo da: gutxi edo nahikoa minimoak eta nabarmen edo asko maximoak". Hobekuntza nabarmena espero da larunbaterako. "Zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da. Zaparrada txikiak botako ditu, zenbait lekutan ertainak. Mendebal-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da, arratsaldean ipar-mendebaldeko nagusi izanik; egunaren lehen partean haize-bolada gogorrak izango dira. Tenperatura minimoak gutxi jaitsiko dira eta maximoetan aldaketarik ez".
Igandean, "zerua tarteka hodeitsu egongo da, erdi mailako hodeiekin eta goi-hodeiekin; arratsalde-gauean hodeiak ugaritu egingo dira. Euri txikia egin dezake han-hemenka, bereziki gauean. Hego/hego-ekialdeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin eta oso gogorrekin haizeguneetan egunaren bigarren partean, bereziki ekialdean. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko dira. Tenperatura maximoak gutxi igoko dira".
Informazio eguneratua, euskalmet.eus atari bidez jaso ahalko duzue.