650 Usurbil Bizi

"Usurbil Museo Irekia" bisita gidatuak igandeetan

Noaua Aldizkaria 2023ko urr. 20a, 08:19

650 Usurbil Bizi egitasmoaren sustatzaileek ohartarazi dutenez, Ondarearen Europako Jardunaldien baitan eskainiko dira datozen asteotako bisita gidatuok.

Hilabete amaierara arte igandeetan izango dira bisita gidatuak; hilaren 22an eta baita urriaren 29an ere. Ohi bezala, eguerdiko 12:00etan Sutegitik abiatu eta ordubetez herriko kaleetan ditugun sorkuntza lanak sakonago ezagutzeko aukera izango dute nahi duten herrikide eta bisitariek.

Hitzorduok, gainera, badute bestelako berezitasunik ere. Izan ere, Ondarearen Europako Jardunaldien baitan eskainiko dira. Herritarren eta haien ondarearen arteko hartuemana estutzeko antolatzen ditu Europako Kontseiluak. Ekimenon bidez, Europako kultura aberastasunaren eta aniztasunaren bueltan sentsibilizatu nahi dituzte herritarrak, ondarea bera babestu edota kulturarteko eztabaida bultzatzea.

Iraila eta urrirako antolaturiko jardunaldion bueltan hamaika ekimen antolatu dira Gipuzkoan; tartean, aipatu moduan, "Usurbil Museo Irekia" ekimena txertatu dute programa zabal horretan. "Usurbilera etortzen den edonork bere koloretan murgiltzea eta paseatzea nahikoa izango du edonora begiratu eta artelan bat aurkitzeko. Zumetaren mural zeramikoak aparteko aipamena merezi du gure eskaintzan, izan ere, Euskal Herriko artelanik esanguratsuenen artean leku propioa baitu. 2023a urte berezia da muralak 50 urte bete baititu. Astebururo murala eta kaleetako beste artelanak "Museo Irekia" bisita gidatuan azaltzen ditugu", diote jardunaldiotako egitarauko azalpenek.

Izen-ematea aurrez
Gogoan izan, bisita hauetarako guztietarako ere izena aurrez eman beharko da ohi bezala, 650usurbilbizi.eus atarian. Gehienez 14 laguneko taldeak osatuko dira.