Usurbil 1936

"Andatzako defentsa-lerroa" ezagutzeko bisita gidatu eta antzeztua bertan behera utzi dute

Noaua Aldizkaria 2023ko urr. 20a, 09:47

Argazkia: Usurbil 1936.

Usurbil 1936 elkarteak larunbaterako antolatua zuen Andatzako defentsa-lerroa ezagutzeko bisita gidatu eta antzeztua bertan behera utzi dute.

Usurbil 1936 elkarteak larunbat honetarako, urriaren 21erako antolatua zuen "Andatzako defentsa-lerroa" ezagutzeko bisita antzeztu eta gidatua bertan behera uztea erabaki du. "Pena handiz jakinarazten dizuegu larunbaterako antolatua genuen Andatza Defentsa-lerroko ibilaldia bertan behera uztea erabaki dugula. Eguraldi txarra medio, aurrez beharrezko atondura eta prestakuntzak egitea ezinezkoa izan zaigu. Gainera, nahiz eta larunbaterako eguraldi hobea aurreikusia izan, mendian horrenbeste jendearen (batez ere oinez egin behar ziren zati batzuetan) segurtasun baldintzak bermatzeko arazoak izango genituen", ohartarazi dute Usurbilen memoria historikoa berreskuratzeko lanean ari den elkartetik. 

Sare sozialen bidez eskerrak helarazi nahi izan dituzte. "
Ahalegin honetan gogo biziz lagun izan ditugun guztiak bereziki eskertu nahi ditugu. Biziki eskertu nahi ditugu, bereziki udal zerbitzuak". Aurrerago ekimen hau antolatzekotan dira. "Aurrerago abentura hau egia bilakatu dadin berriro saiatzeko prest izango ditugula espero dugu, zinez,  Usurbilgo historia ezezagunaren zati hau ikusgarri egiteak merezi duelakoan baikaude".

Ibilaldi antzeztua
1936ko gerrara eramango gintuen ibilaldi antzeztua ari zen antolatzen Usurbilgo oroimen historikoa berreskuratzeko lan itzela egiten ari den Usurbil 1936 elkartea. "Andatza mendiko defentsa-lerroa" ezagutaraziko digun ibilaldi antzeztua hain zuzen.

Helburu hirukoitza zuen ekimenak; batetik, 1936ko abuztuan eta irailean herri honetan jazotakoaz informatzea, gertakari haien testuingurua azaldu eta garai hartako Andatzako lubakiak erakustea. Aipatu moduan, ibilaldi antzeztua izatea aurreikusia zuten. Bidean zehar, hainbat geldialdi egingo dituzte programatuak zituzten eta hainbat sekuentzia antzezteko asmoa zuten. Usurbil 1936 elkartetik azaldu zutenez, "errepublika defendatzen ari zirenenak" izango ziren; tartean ziren hainbat herrikide ere. Antzezleen artean hain zuzen, herrikideak parte hartzekoak ziren baita kanpotik etorritakoak ere, zereginotan esperientzia zabala dutenak.

Sasetarekin topaketa
Ibilaldian zehar ezustekoak iragarriak zituen antolakuntzak; tartean, Jose Antonio Agirre lehendakariaren aginduz Andatzako defentsa-lerroa antolatu zuen Kandido Saseta kapitainarekin topaketa antzeztua.

"Defentsa leialaren puntu garrantzitsua"
Datozen hilabeteotan, lerrootan mintzagai dugun ibilbidea seinaleztatu asmo du Usurbil 1936 elkarteak. Herri honek duen ondarearen parte gisa aurkeztu nahi dute, 650 Usurbil Bizi egitasmoaren testuinguruan. 

Gai honi buruz eta, orohar, 1936ko gerrari buruzko lekukotzak, dokumentazioa eta elkarteak eskuartean dituen egitasmoei lotutako informazio gehiago usurbil1936.eus atarian jaso daiteke; tartean, besteak beste, Andatzako lubakiei buruzko xehetasunak. "Andatza mendia eta haren inguruak defentsa leialaren puntu garrantzitsu bilakatu zituzten 1936ko abuztuaren amaieran. Handik astebete eskasera, dokumentatuta dugu borroka-fronte horretako lehen tiroketa: faxistek Donostia okupatu zutenean, erasoaldia antolatu zuten sektore horretan. Hala, irailaren 15ean, hain justu, demokraziaren aurkako indarrek aurrera egin zuten Andatza menditik gertu zeuden posizioetaraino, eta, hurrengo egunean, gobernuaren azken posizioak hartu zituzten mendi horretan. Mendi garaiera gotortuok menderatuta, ordu gutxiren buruan iritsi ziren faxistak hurbilen zeuden herrietara: Usurbil eta Aginagara", dio  usurbil1936.eus atariak.