"Haurren aurrean, helduok heldu"

Helduen artean euskara sustatzeko ekimena plazara hedatu da

Noaua Aldizkaria 2023ko urr. 20a, 19:39

Jolas eta askari gozo artean arratsalde pasa ederra antolatu dute Udarregi ikastolak eta Usurbilgo Udalak. "Haurron aurrean, helduok heldu" Euskaltzaleen Topaguneak antolaturiko ekimenari lotuta herrian antolatu duten lehen ekimena izan da gaur arratsaldekoa.

Euskal mitologiarekin jolas egiteko eremuan bilakatu dute ostiral arratsalde honetan Askatasuna plaza. Atzo abiatu zen Euskaltzaleon Topaguneak antolaturiko "Haurren aurrean, helduok heldu" ekimenaren baitan, Udarregi ikastolak eta Usurbilgo Udalak jolas parke entretenigarri eta berezia egokitu dute, euri arriskua tarteko, aipatu moduan, Askatasuna plazako estalpean, aurreikusi moduan Mikel Laboa plazan egin ordez.

Jokai taldekoek euskal mitologian inspiratutako jolas kooperatiboak ekarri dituzte Usurbila.
"Jokaik, jolas inklusibo, autonomo, sortzaile eta kooperatiboari balioa ematen dio, gailu elektronikoek jolasteko eta erlazionatzeko modua bereganatzen duten garaiotan, belaunaldien arteko harremanak sustatuz".

Gaztetxoenek berezkoa duten arreta eta trebezia handia erakutsi dute jolas hauetan. Gogotik entretenitu dira, lehiarik gabeko eta talde lana sustatu duten jolas hauen bueltan, baita ondoan zituzten hainbat heldu ere.

Etenalditxo bat egin dute arratsaldeko 18:00ak aldera, ikastolako guraso talde bat txokolate gozoa bizkotxoekin banatzen hasi denean.

Euskarazko liburuen truke azoka
Euskaltzaleen Topaguneak antolaturiko "Haurren aurrean, helduok heldu" ekimenaren baitan egin dute gaurko arratsalde pasa. Ez da azkena izango; gaur zortzi, urriaren 27an euskarazko liburuen truke azoka antolatu dute arratsaldeko 16:30etan hasita Agerialden.

Helburu bikoitza du egitasmoak; euskararen erabileran eragitea eta haurrekiko hizkuntza eredugarritasuna sustatzea. Ekimen hau, haurrak eta gurasoak elkartzen diren topalekuetan bideratu nahi da; ingurune informaletan (parkeak, plaza, ikastetxe atariak...). Bideratu beharreko konpromisoa, euskara ahotan hartzea. 

Hilaren 29ra arte iraungo duen ekimena Euskal Herriko hainbat txokotan bideratuko da, baita Usurbilen ere, Udarregi ikastolaren eta Usurbilgo Udalaren eskutik. Udarregi ikastolan bada Hizkuntza Proiektua (HIZPRO) taldea eta handik, HH eta LH 3. maila arteko hogeita hamarreko guraso taldea osatu dute ekimen honetan "xaxatzaile" lanak egiteko. Haiek egitasmo honen parte hartzaile izateaz gain, haien inguruan ekimen honen berri eman eta bat egiteko eragiten jardungo dute.