Tipi-tapa eskualdeko txoko eta bideetan barrena

Noaua Aldizkaria 2023ko urr. 22a, 15:12

Buruntzaldeko Ibilbideen 15. Eguna egin dute gaurkoan Andoain, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbil lotzen dituzten bideetan barrena.

Paseorako giro ezin aproposagoa zen igande goiz honetan eta bat baino gehiago atera dira horretara hain zuzen. Aitzakia ederra zuten, gainera; Buruntzaldeko udaletako kirol zerbitzuek (Andoain, Lasarte-Oria, Urnieta, Usurbil) tokian tokiko eragile gehiagorekin batera lankidetzan antolaturiko eskualde mailako 15. Ibilbideen Eguna.

Ibiltari bat baino gehiago ikusi dugu Aginaga eta Usurbil eskualdeko gainerako udalerriekin lotzen dituen bideetan barrena tipi-tapa. Antolakuntzak Santuenean jarria zuen postuko irudiak dituzue albiste honi atxikitakoak. Ibiltarien joan-etorri eta geltokia izan da igande goizeko 11:30ak aldera.

Buruntzaldeko ibilbideak
Bideetako seinaleztapena, udalerri bakoitzaren kolorean: Andoain urdina, Lasarte-Oria urre zaharra, Urnieta berdea eta Usurbil laranja. Udalerri guztietan bideei buruzko informazio panelak.

Ibilbideak:
ANDOAIN – LASARTE-ORIA.
Buruntza mendia zeharkatuz edo gailurra eginda. Koloreak: urdina eta urre zaharra; 7,9 km. Soilik oinez egin daiteke, eta beharrezkoa da mendiko oinetakoak erabiltzea.

ANDOAIN – URNIETA. Koloreak, urdina eta berdea; 4,8 km. Oinez edo bizikletaz egin daiteke, eta beharrezkoa da kirola egiteko oinetakoak erabiltzea.

ANDOAIN – USURBIL. Andatzatik barrena. Koloreak, urdina eta laranja; 14,9 km. Soilik oinez egin daiteke, eta beharrezkoa da mendiko oinetakoak erabiltzea.

LASARTE-ORIA – URNIETA. Koloreak, urre zaharra eta berdea; 3,9 km. Oinez edo bizikletaz egin daiteke, eta beharrezkoa da kirola egiteko oinetakoak erabiltzea.

LASARTE-ORIA – USURBIL – AGINAGA. Koloreak, urre zaharra eta laranja; 9 km (Santuenetik barrena Aginagako Mapil ingururaino). Oinez edo bizikletaz egin daiteke, eta beharrezkoa da kirola egiteko oinetakoak erabiltzea.. 

Lagungarria: Navi Ruta aplikazioa, telefono mugikorrarentzat egokia, ibilbideren bat egiterakoan informazioa modu jarraituan jasotzeko; kokapena, jarraitu beharreko norabidea, interes-guneak... Aplikazioa deskargatzeko eta ibilbide bakoitza aktibatzeko udalerri bakoitzean jarrian dauden paneletan jarritako QR kodeak eskaneatu beharko dira. Kode horiek kontrol guneetan ere eskuragarri egongo dira.